Milaka ahots erabakitzeko eskubidearen alde

Baleike 2015ko eka. 22a, 08:29

Erabakitzeko eskubidearen aldeko egun handia izan zen atzo. Gure Esku Dago mugimenduak mimoz prestatutako egun horretan milaka lagunek hartu zuten parte Euskal Herriko bost hiriburutan. Zumaiarrak Donostiako ekitaldietan izan ziren eta galeria honetan eguneko argazki batzuk bildu ditugu. Zuen argazkiak gehitzea nahi baduzue, aldizkaria@baleike.com helbidera bidali ditzakezue.

'Gaur hautetsontzia, bihar erabakia' lelopean egin zen atzoko festa eguna. Aurreko hilabeteetan herri bakoitzean ehundutako oihalak erakutsi ziren Urumea ibaiaren ertzetan. Urola Kosta eskualdeko bizilagunei Maria Kristina zubiti gora egokitu zitzaien. Eguraldia lagun, kolore biziz jantzi zen atzo Donostia. Eguerdian giza katea egin zen Donostian zehar prestatutako oihalekin.

Ekitaldi nagusia arratsaldean egin zen, Anoeta estadioan. Irudi ikusgarri batek bete zituen bertaratutakoen begiak: oihal koloretsuek estadioko berdegunea bete zutenekoa.