Oier Korta: "Programaren ildoak martxan jarri aurretik, Udalaren egoera zein den jakiteko auditoria bat egingo dugu"

Baleike 2015ko eka. 13a, 16:05

Oier Korta izendatu dute gaur Zumaiako alkate datozen lau urteetarako. Izendatu eta berehala familiartekoen, lagunen eta, baita ere, besarkadak eta bostekoak jaso ditu. Behin pleno aretoa hustu denean arnas pixka bat hartu eta galdera batzuk erantzuteko denbora izan du alkate berriak. “Lau urteko lan saio potoloa hasten da orain”.

Hiru pertsona izan dituzu gogoan...

Bakoitzak bere bizitzan eredu batzuk izaten ditu. Nire bizitzan asko markatu naute hiru pertsonek: baserriko amona, Kontxa, nire osaba Joxe Mari zena eta nire attatta Alberto, alderdikidea zena. Attatta Alberto giza balore oso fuerteak zituen pertsona zen. Balore horiek Eusko Alderdi Jeltzalean kokatzen zituen. Oso elizkoia ere bazen. Horiek zituen bere bi euskarriak. Pertsona hark erakutsi zidan erakundeei begirune eta errespetua izaten, baina baita ere gizartean kritiko izaten. Gaur egungo gizarte indibidualista honetan faltan jotzen ditut balore horiek, konpromiso hori gizartearekiko eta herriarekiko. Hiru pertsona horiek asko markatu naute giza baloreetan, besteekiko adeitasunean, familian... Oso pertsona garrantzitsuak izan dira eta halako egun batean behar bat sentitzen nuen beraien izena aipatzeko.

Nola uste duzu izango dela hasiberria den legealdia?

Programa aurrera eramateko gai izatea espero dut. Espero dugu legealdi lasaia izatea. Alderdi guztiek herriaren alde lan egiteko asmoa izatea espero dut. Guk herriaren alde egingo dugu lan, herria kontutan hartuta. Oposizioko alderdien jarrera Udal Gobernuarekiko errespetuzkoa izatea nahiko nuke, herriak hautatu gaituen heinean. Gu denekin elkarlanean aritzeko irekita gaude, Zumaiaren ongizatearen alde.

Izendatua izan ondoren elkarlanaren aldeko hitzak esan dituzu. Erabakiak hartzerakoan beste alderdien iritzia ere kontutan hartuko duzu?

Eskuak zabalik ditugu eta elkarlana, oposizioarekin kontatzea, ezinbestekoa ikusten dugu. Beraiekin kontatzea gustatuko litzaiguke, jarrera konstruktiboa eta positiboa izatea. Guk, behintzat, jarrera hori izango dugu. Printzipio horrekin hasten gara eta guretzako garrantzitsua izango litzateke hori mantentzea legealdian zehar. Gauden tokian, gu gobernuan eta beste bi alderdiak oposizioan, esfortzu bat egin beharko genuke eta horrekin, uste dut, herria irabazten aterako dela, jarrera hori legealdi guztian mantentzeko gai bagara.

Udaletxean dagoeneko bilera batzuk izan dituzu. Hartu beharreko lehen neurriak erabakita dituzue?

Dagoeneko martxan gaude. Gure programako ildoak martxan jarri aurretik, erantzukizunez jakin nahi dugu zein den udal honen egoera. Hartu beharreko neurri bat, eta hartuko dugun lehena, udal kontuak auditatzea izango da. Hiru urtetan ez da auditoriarik egin eta kontu-hartzailearekin hitz eginda, animatzen gaitu auditoria hori egitera. Beste ikuspuntu bat izatea aberasgarria iruditzen zaigu. Gero, martxan dauden proiektuak bukatuko ditugu eta arazoei muinetik helduko diogu. Guk lau urteko konpromisoa hartu dugu. Eguneroko lana egingo dugu, baina ikuspegi zabal batekin gobernatu nahi dugu, hau da, etorkizuneko Zumairako neurri zuzenak hartzeko bideak landuko ditugu. Lau urteko dinamika horretatik irten eta luzera begira gobernatzea oso garrantzitsua iruditzen zait.

EAJrekin izendatu zaituzte alkate, baina berez independentea zara. Hala mantentzeko asmoa duzu?

Nire printzipioak ditut eta sinesten dut pertsona bakoitzak burujabe izan behar duela. Alderdi politikoak hor daude, eratu egin behar dira, antolatu egin behar dira gizarte mailan, baina iruditzen zait landu behar dela pertsona burujabeek osatutako alderdi politikoak eta erakundeak; gizartea oro har. Asko baloratzen dut pertsonen burujabetza. Independente izateak hori du oinarria. Hori hala izanda ere, oso identifikatuta sentitzen naiz EAJrekin. Historikoki herriari begira gobernatu duen alderdia dela uste dut. Alderdi eskuindarra bezala jotzen da; klixe hori du behintzat. Baina, bestalde, ikusten dugu Euskal Erkidegoan gizarte zerbitzuetara aurrekontu oso handia bideratzen dela, Europako herrialdeetakoa baino handiagoa. Hemen eraman den politika bere osotasunean miresten dut. Industriari eman dion balioa ere hor dago. Krisi handi bat igaro dugu eta urteetan zehar (ez lau urteetan bakarrik) eramandako politika zuzenei esker, halako muskulu bat lortu du herri honek eta gai izan da bizi kalitate on bat emateko herritarrei. Orokorrean bat egiten dut Eusko Alderdi Jeltzaleak eraman duen politikarekin.

Alkatetzarako aurkeztu zinenean pentsatzen al zenuen irabaziko zenuela?

Ez dakit. Lan egitea gustatzen zaion pertsona naiz. Erruz. Eta helburuak lortzen diren edo ez... beno; nik balio erantsia ematen diot saiatzeari. Nire osaba Joxe Mari zenak garrantzia handia ematen zion horri. Zioen garrantzitsuena zela saiatzea. Miresten zituen pertsona saiatuak; ez oso azkarrak edo indartsuak zirenak. Balioa ematen zion saiatuari, edozertan lan egiten zuenari: kirolean, lan batean... nahiz eta huts egin. Galderari helduta, zer emaitza lortuko genituen? Bukaera aldera beti zaude zenbat zinegotzi edo bozka aterako dituzunaren joko horretan. Baina helburua zen lan egitea, kanpaina onena egitea eta gero emaitzak etorriko zirenak izango ziren.

Erlazionatuak