Zumaiako bizilagunak non jaioak dira?

Baleike 2015ko eka. 4a, 14:21

Aurtengo datuek diotenez, 9.795 herritarrez dago osatuta Zumaia. Baina datuek beraiek diote hauetatik % 51,8a besterik ez dela udalerrian bertan jaiotakoak. Horrek galdera bat egitera eramaten gaitu: non jaioak dira herritarren ia erdia?

Asteazkenean egin zen Anitzen Sareko lehen batzarrean, www.zumaia.eus atarian zintzilikatu den aplikazio bat aurkeztu zen. Tresna digital honen bitartez jakin daiteke zein den herritarren jaiolekua kontinenteen arabera, estatu nagusien arabera edo ingurunearekin alderatuta; azken urteetan izan den bilakaera migrazioari dagokionez, eta 2014. urtean izan diren altak eta bajak. 

Datuen arabera, halako mapa batekin egiten dugu topo:

Zumaian jaio ez diren herritarren ranking bana ere aurki daiteke tresna honetan, beraien jaioterrien arabera.

Lehenengo grafikan Euskal Herriko udalerriak agertzen dira.

Bigarrenean, Euskal Herritik kanpokoak. 

Jatorri aniztasunaren ikerketa honetan beste datu interesgarri batzuk aurki daitezke. Hala, jaiolekua eta sexua alderatuz gero, multzo gehienak orekatuak direla ikusten da, hau da, gutxi gora-behera emakumezko adina gizonezko daudela herrian. Datu hoeri Amerikan jaiotakoen artean hausten da, 10etik 6 baino gehiago (% 63,6) emakumezkoak dira-eta.

Zumaiarren batez besteko adina, berriz, 42,14 urtekoa da. Europako gainerako estatuetatik etorritakoak dira zaharrenak (Espainiar estatuko jatorria dutenak hemen sailkatuta daude), 59,45 urteko batez bestekoarekin. Bestetik, azken urteetan iritsitako migratzaile berrien gehiengoa gaztea da eta lan egiteko adinean etorritakoak. Migratzaile berriak 30 urte ingurukoak dira.