Martxan da Zumaia Kanpina

Baleike 2015ko mai. 29a, 17:45
Lourdes Osa eta Juan Luis Saez, kanpinaren inaugurazioan zinta mozteko unean.

Gaur goizean inauguratu dute Zumaia Kanpina, eta dagoeneko zabalik ditu ateak. Arratsaldean zehar herritarrek bisitatzeko aukera izango dute, eta lehen bezeroak ere gaur iristea espero da.

Bost urte kostatu zaie kanpina egi bihurtzea Juan Luis Saez eta Lourdes Osari, eta bidean pilatutako neke eta bizipenak emozio bihurtu zaizkie gaur goizeko inaugurazio ekitaldian. Kanpinaren atarian bildutako agintarien aurrean zinta moztu ondoren, kanpina erakusten eman dute ordubete, eta ondoren mokadu bat hartzeko aukera izan da kanpineko Orrua jatetxean.

Udalaren partetik, ekitaldian izan dira Iñaki Agirrezabalaga alkatea, hurrengo alkate izango den Oier Korta, ziurrenik turismo eta kultura zinegotzi izango den Jon Iraola, eta Esti Irureta eta Miriam Romatet turismo eta kultura teknikariak, hurrenez hurren; Aldunditik Xabier Eleizegi turismo teknikariak hartu du parte; Jaurlaritzatik, Arantxa Tapia kontseilaria, Mertxe Garmendia turismo zuzendaria eta Juanjo Azkue Arrantza zuzendaria; Geoparkeko gerente Leire Barriuso eta Urkomeko Iurre Peñagarikano ere izan dira inaugurazio ekitaldian, beste hainbat gonbidaturekin batera.

Erlazionatuak