Ezagutu Zumaia Kanpina barrutik

Baleike 2015ko mai. 28a, 18:00

Goizean egingo da ekitaldi ofiziala agintariekin eta arratsaldean ateak irekiko dituzte, herritarrek ikusteko aukera izan dezaten (16:00-20:00). Azken ukituak ematen harrapatu dugu gaur goizean Juan Luis Saez, kanpineko arduraduna.

Nekea sumatzen zaio aurpegian Juan Luis Saez kanpineko jabeari. «Azken erremateak falta dira, baina txikikeria asko dira... Dena txukun izan nahi dugu irekitzen dugunerako, eta egunak motz gelditzen zaizkigu», azaldu du. Kanpina kokatuta dagoen Basusta muinoaren gainaldean dabil lanean, bungalowei azken ukituak ematen. Telefonoa hoska du etengabe. «Bezeroek lehenbailehen etorri nahi dute eta galdezka ari dira, ea dena prest dagoen». Gaurtik aurrera izango dute aukera.
 
Lehen mailakoa da Zumaia kanpina. Guztira 33 bungalow dauzka, horietatik 21 dagoeneko alokatuta dauzka epe luzerako. «Beste hamabi bungalowak izango dira oporraldi laburretarako, eta uztail-abuzturako dagoeneko hartuta daude». Bungalow-ez gain, 95 bat karabana eta autokarabanentzako lekua dauka, eta beste tarte bat gorde dute kanpin dendak jartzeko.
 
Bi igerileku dauzka kanpinak, haur txikientzat bata eta helduentzat bestea. Igerileku txikia urez beteta dauka jadanik, eta handia garbitzen ari dira, gaurko prest egongo dadin. «Dena den, igerilekua ekain amaieratik aurrera egongo da erabilgarri» zehaztu du Saezek. Ondoan daude aldagelak, komunak eta harraskak, eta zelaian hainbat mahai, bertan jan nahi izanez gero. «Hemendik bizpahiru urtera spa txiki bat jartzeko asmoa daukagu. Espazioa prestatuta utzi dugu, eta idea da hidromasajea, sauna, masaje gela eta eta gimnasio txiki bat jartzea». 
 
Jatetxea, denei irekia
 
Maldan behera jarraituta, harrera gunea, denda eta jatetxea daude. Jo eta su ari dira lanean dena bere lekuan eta garbi egon dadin –bost langile daude orain eta udan beste hiru hartuko ditu–. «Jatetxea publiko osoari egongo da zabalik. Eguneko menuak emango ditugu inguruko langileentzat, baina karta ere egongo da; eta bezeroek ere izango dute jatekoa bungalow-ra eramateko aukera». Jatetxearen ondoan haurrentzako jolastoki txiki bat dago, eta harrera gunetik gertu parkina kotxeentzat.
Harrera gelaren alboan du bere bulegoa Juan Luis Saezek. Han hasi da gogoratzen proiektuaren txinparta nola sortu zitzaion, duela bost urte. Eta koaderno bat atera du. «Hemen daukat dena idatzita, nire egunkari partikularra da». 2010eko uztailaren 21a da ageri den lehen data. Horrela dio: «Zarautz eta Orio aldean bisitak egiten ari naizela [komertzial lanetan zebilen orduan], kanpinak ikusi ditut eta burutik pasa zait horixe egitea Basustan». Hegaztien haztegia zuten lehen Basusta baserrian baina hura galdu egin zuten, hegaztien gaixotasun bat medio. «Idea hura sortu zitzaidanetik bost urte joan dira. Asko kostatu zaigu, batik bat dirua lortzea, baina listo, hemen dago».