Tailerrak, bisitak eta hitzaldiak izango dira ostiraletik aurrera Geoparkeen Astean

Baleike 2015ko mai. 19a, 10:44

Euskal Kostaldeko Geoparkeak aurten ere Europako Geoparkeen Astea ospatuko du. Ostiralean hasi eta maiatzaren 31ra bitartean, ia egunero era askotariko jardueratan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek, haur, gazte zein helduek. Adituen hitzaldiak, hegaztiei buruzko ikastaro bat, bisita gidatuak doan edota haurrentzako tailerrak egingo dira Zumaian, Deban eta Mutrikun.

Geoparkearen Asteak bertako ondare natural, geologiko eta kultural baliotsua herritarrei, bereziki, Geoparkeko herritako bizilagunei, gerturatzea du helburu nagusia, dibulgazio eta sentsibilizazio lana egitearekin batera.

Egitasmo honek bosgarren edizioa beteko du gurean. Europako geoparke guztietan ospatzen da aldi berean, lurralde bakoitzaren ondarea herritarrengana hurbiltzeko asmoz. Egun, oro har, 60 geoparketik gora daude Europan, 22 herrialde ezberdinetakoak. Europako Geoparkeen Sareak UNESCOren babesa dauka.

Ostiraletik aurrera, egitarau zabala

Geoparkeen Astea ostiralean abiatuko da, hilak 22, Deban. 17:30etik aurrera, 6 eta 10 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta, ‘Txio-txioka, Geoparkeko hegaztiekin ezkutaketan’ tailerra egingo da. Debako Agirre Jauregian izango da hitzordua eta bi orduz luzatuko da tailerra. Tailer honen bidez, gure inguruko hegaztiak hobeto ezagutzeko aukera izango dute haur zein haurrekin datozen helduek. Jolasaren bitartez hegaztien mundura hurbilduko dira parte-hartzaileak eta, horrez gainera, hegaztiak entzun, ikusi eta ezagutzeko ibilaldi txiki bat proposatuko zaie. Horretarako, prismatikoak eramatea gomendatzen zaie parte-hartzaileei.

Tailer berezi hau berriro egingo da maiatzaren 29an, hurrengo ostiralean, kasu honetan Mutrikuko familiei zuzenduta. Luardo Etxean izango dute hitzordua, 17:30etik 19:30era.

Zumaian ere egingo da hegaztiekin loturiko tailerra umeei zuzenduta, “Hegazti migratzaileen inguruko tailerra” izenburupean. Maiatzaren 29an izango da, ostiralez, eta 8-12 urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute. Algorri Interpretazio Zentroan egingo da.

Hegaztiekin lotuta, helduek ere izango dute zer ikusi eta ikasi Geoparkearen Astean. Hegaztiak behatzeko hastapen ikastaroa egingo da Zumaian hilaren 30ean. Algorriko Interpretazio Zentroan izango da, 10:00etatik 14:00etara.

Hitzaldiak hiru herrietan

Adituen hitzaldiak ere ez dira faltako Geoparkearen Astean. Zumaian, Mutrikun eta Deban hitzaldi bana antolatu du Geoparkeak. Zumaian egingo dena euskaraz izango da eta beste biak gazteleraz.

Zumaian, maiatzaren 23an, larunbatean, Geoparkeko Ingurumen arloak antolatuta, Natura 2000ko Urolako Itsasadarraren Kontserbazio Bereziko Eremuan egindako lanei buruzko hitzaldia hartuko du Algorri Interpretazio Zentroak. Batetik, Gorostiagan egin den zuhaitz landaketaren inguruan hitz egingo da eta, bestetik, Artadiko basoan datozen asteetan burutuko diren mehazketa lanak izango dituzte hizketarako gai. Hitzaldiaren ostean, Artadira paseoa egingo dute parte-hartzaileek, artadia eta baso honen ezaugarri nagusiak hurbiletik ezagutze aldera. Goiz osoa hartuko duen jarduera izango da, 10:00etan hasi eta 14:00ak arte.

Egitarauaren barruan, aipatzekoa da, halaber, Xabier Orue-Etxebarria EHUko Paelontologia Katedradunak Mutrikun eskainiko duen hitzaldia, “Euskal labeak Geoparkean” izenburupean. Hitzaldia maiatzaren 26an izango da, asteartean, 19:00etan, Zabiel Kultur Etxean.  

Deban, berriz, Alex Cearreta EHUko Mikropaleontologia irakaslearen hitzaldia entzuteko aukera ezin hobea izango dugu hilaren 28an, 19:00etan, Agirre jauregian, “Antropozenoa, planeta bere funtzionamendu geologiko naturaletik atera dugu?” izenburupean.     

Bisita gidatuak doan

Aurten ere Geoparkeak bisita gidatuak dohainik egiteko aukera eskainiko die herritarrrei. Hain zuzen, Geoparkearen eskaintza osatzen duten hamabi irteeretatik hiru egin ahal izango dira doan, hala nola, “Karsteko zaporeak”, “Mutriku marinela” eta “Flysch beltza”. Irteera hauetan parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman behar dute izena Mutriku, Deba edota Zumaiako turismo bulegoekin harremanetan jarriz. Bisita hauek euskaraz izango dira.

Irteera gidatuak noiz egingo dira:

Aurrez izena eman turismo bulegoetan

Geoparkeak dagoeneko 8.000 triptiko baino gehiago bidali ditu hiru herrietako etxe guztietara Europar Geoparkeen Astearen egitarauaren berri emanez, eta herritarrei parte hartzera gonbidatuz.

Bisita gidatuetan nahiz ikastaro eta tailerretan parte hartzeko aurrez izena eman behar da, Zumaia, Deba edota Mutrikuko turimo bulegoetan:

  • Zumaiako Turismo Bulegoa: 943 14 33 96

  • Debako Turismo Bulegoa: 943 19 24 52

  • Mutrikuko Turismo Bulegoa: 943 60 33 78

Geoparkeen Astearen egitaraua eskuratzeko: www.geoparkea.com. Sare sozialetan ere informazio eguneratua eskainiko da une oro, Facebooken (facebook.com/Geoparkea) eta Twitterren (@geoparkea).