Astindu Egunarekin hasiko da larunbatean aurtengo Maiatza Dantzan

Baleike 2015ko mai. 13a, 18:12

Dantzaren nazioarte mailako hilabetea da maiatza. Hori dela eta, hainbat herritan antolatzen dira Maiatza Dantzan izeneko ekimenak. Urte batzuetatik hona, Zumaian Astindu dantza elkartea da horren bultzatzailea. Larunbat honetan egingo den ‘Astindu dantza elkartearen egunak’ emango dio hasiera aurtengo edizioari. 

Astinduko kideak eta haren bueltan dabiltzan kolaboratzaileak eta lagunak elkartzeko asmoarekin antolatu dute larunbatean egingo den ospakizuna. “Bagoaz urte batzuk martxan eta ikusi genuen egokia zela halako egun bat antolatzea gure artean ospatu eta elkartzeko ere”, dio Uxua Gainzak, Astindu dantza elkarteko kideak. Ospakizunak eguerdiko 12:00etan hasiko dira Torreberritik abiatuko den triki-poteo dantzarekin. 14:00etan bazkaria izango da Torreberriko aterpean. “Bazkide eta kolaboratzaileentzat doan izango da, baina leku batzuk gordeko ditugu gurekin egon nahi dutenentzako ere. Elkartera hurreratzeko modu bat izan daiteke”. Bazkalondoan, 16:30ean, elkartean egin diren dantzen bideo ikuskizuna izango da, eta 18:00etan musika eta dantza librea. “Egun horretan ez da inongo ikuskizunik izango, baina inork dantza egitera hurreratu nahi badu, ongietorria izango da”.

Aurtengo Maiatza Dantzaneko ikuskizunak hilabeteko azken bi asteburutarako utzi dira. “Aurreko urteetan astebururo izaten ziren dantza saioak, baina, gauza bat edo beste dela, kontaktatutako taldeek ezin zutelako etorri, azkenean bi egunetan bakarrik egingo da. 

Aurten egingo ez den saioetako bat azken urteetan antolatu den ‘Dantzara!’ izango da. Gobernuz Kanpoko Erakunde baten alde antolatzen zen saioa izaten zen eta bertan hainbat dantza estilo jorratzen zituzten taldeek hartzen zuten parte. “Ikusi genuen azken saioan ikusle kopurua asko jaitsi zela eta gure artean hitz egin ondoren, pentsatu genuen egokia izango zela aurten ez egitea. Horrek ez du esan nahi datozen urteetan egingo ez denik”, argitu du Gainzak.

Ikuskizun desberdinak

Prestatutako saioak azken bi asteburutan egingo dira. Maiatzaren 24ko arratsaldean bi ikuskizun izango dira arratsaldean, Beheko Plazan: 18:30ean ’21 dance street’ izeneko saioa eskainiko dute Celine eta bere ikasleek. 19:30ean, berriz, Mendebaldeko Afrikako dantzen ikastaroa izango da, Nimba elkartearen eskutik. Marie Tourék gidatuko du saioa eta perkusioaren zuzeneko musika izango da. Ikastaro honetarako ez da aurrez izena eman beharrik izango.

Maiatzaren 29an, berria, ostirala, beste ikuskizun sorta bat izango da. Dantza garaikidearen arratsaldea izango da Arranplan egingo dena, Alima dantza eskolaren laguntzarekin. 18:00etan, ‘Dantza sortzailea familian’ tailerra eskainiko du Arantza Iglesiasek. 3 urtetik gorako haurrei eta hauei familiei zuzenduta dago eta izena aurrez ematea gomendatzen da, astindu.zde@gmail.com helbidera mezu bat bidalita. Ordubete geroago, 19:00etan, ‘Nora egingo duzu korrika sinnerman’ izeneko ikuskizuna dantzatuko dute Arantza Iglesiasen ikasleek eta jarraian, Iglesias berak dantzatuko du ‘Beltza’ izeneko ikuskizuna.

Uztaileko ikuskizuna prestatzen

Astinduko kideak uztailean aurkeztuko duten kale ikuskizun berria prestatzen ari dira. Broadwayek famatu egin dituen musikaletako koreografiak dantzatuko dituzte Zumaiako Udal Musika Bandaren zuzeneko musikarekin. Hasteko, kalejiran joango dira dantzari eta musikariak Erriberan barrena plazaraino eta han, frontoiaren inguruan, dantzatuko dute ikuskizun hau.