Pulpo Espainiako Txapelketan

"Jokalariei ezin zaie gehiago eskatu"

Baleike 2015ko mai. 11a, 21:49
Denis Elola, Josema Balenziaga, Xabi Centeno, Ibon Enbil. Andres Torriko eta Xabi Letamendia.

Bukatu da bost eguneko eskubaloi festa. Igandean, 15:00ak aldera, txapeldunari dagokion garaikurra jaso zuen Bartzelonak. Pulpok bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, baina haiek ere txapeldun Lubaki lehertzeraino bete zuten jarraitzaileentzat. Festa handia izan zen pabilioian, eta baita ondoren ere Zumaiako kaleetan. Biharamunean, Xabier Letamendia entrenatzaile laguntzaileak egin du txapelketaren balorazioa, Ibon Enbil, Andres Torriko eta hiruren izenean.

Bartzelona handiari irabazteko zorian izan da Pulpo. Zer hausnarketa egin duzu finalaz?

Izugarria izan zen finala, bikaina. Mutilen jarrera goraipatu nahi dugu. Finalaurrekoan Malagari irabazi ondoren esan ziguten finalerako ez zeudela urduri, lasai zeudela, tentsioarekin baina lasai. Gero, pena txiki bat gelditu zaigu, partida galdu egin genuelako bi detailetan, baina jokalariei ezin zaie gehiago eskatu.

Txapelketa, antoleketa aldetik, oso ondo atera da eta Lubaki beteta egon da egunero. Ez zen erronka erraza…

Lubakin sekulakoa giroa izan da bost egunetan; nik ez dut gogoratzen Zumaian hainbeste jende mugiarazi duen beste kirol ekitaldirik. Beste klubetakoek adierazi digute harrituta daudela Zumaian  ikusi duten giroarekin, pabilioia beti beteta eta uneoro talde guztiak animatzen. Alde horretatik, irudi oso ona eman du Zumaiak egun hauetan, eta hala baloratu dute klubek eta federazioetako ordezkariek. Klubarentzat erronka handia zen hain denbora gutxian horrelako txapelketa handia antolatzea; baina oso ondo atera da, klubak ahalegin handia egin du herriko hainbat boluntarioren laguntzarekin. Herri osoak lagundu du.

Kirol ikuspegitik zer iruditu zaizu txapelketa? 

Behetik gorantz egin du egunetik egunera. Lehen egunean jokalariak urduri egoten dira eta zaila da partida onak ikustea. Baina pixkanaka kalitatea agertu da. Ostiralean partida onak egon ziren, eta gero asteburuko laurak, finalaurrekoak eta azken biak, oso onak izan dira. Maila handiko jokoa, oso partida berdinduak eta emozioa amaiera arte. Eta finalari buuz zer esan… Txapelketa bat bukatzeko modurik onena da, sekulako lehia eta luzapena behar izatea txapelduna erabakitzeko.

Txapelketa honek sekulako olatua sortu du eskubaloiaren alde, ikusi ditugu gazteak eta haurrek jokalariekin zoratzen, sinadurak eskatzen partida amaieran. Klubak jakingo al du neurria hartzen? 

Gustura hartuko da, baina klubarentzat momentu zaila izango da. Gaur egun 19 talde dauzkagu, eta dagoeneko gainezka eginda gaude, gehiegi da dauzkagun baliabideetarako. Denek ezin dute kiroldegian entrenatu, ez daukagu lekurik. Gainera, datorren urtean jubenilak senior mailako taldera pasako dira eta denak klubean gelditzen badira sekulako ikusmina sortuko dute eta izugarria izan daiteke. Leku faltari soluzioren bat aurkitu beharko zaio hurrengo urteetan, bestela ez gara eskariari behar bezala erantzuteko gai izango. Eta garrantzitsua da gauzak ondo egitea.

Taldeko jokalari onenak etxean eusteko gai izango al zarete datorren denboraldirako?

Klubean deiak jaso ditugu Asobal Ligako zenbait talderen partetik, eta badakigu jokalariek ere jaso dituztela. Baina hori da lojikoena. Kauldi Odriozola, Ander Torriko eta Mikel Martinez zazpiko onenean egon ziren selekziokako Espainiako Txapelketan, eta orain berriro klubekako txapelketan.  Aspalditik ezagutzen dituzte, eta normala da fitxatu nahi izatea. Guk aholkatzen diegu oraingoz ikasketei emateko lehentasuna, eskubaloitik bizitzea ezinezkoa delako gaur egun.