Pulpo Espainiako Txapelketan

Luzapena behar izan du Bartzelonak Pulpori finala irabazteko

Baleike 2015ko mai. 10a, 18:39

Eskubaloiaren festa ikaragarria gaur Lubaki kiroldegian ospatu dena. Pulpok ezin izan du Espainiako Txapelketa irabazi, baina gaur zumaiarrentzat txapeldun izan dira, Bartzelona handiari parez-pare jokatu eta irabazteko zorian izan direlako.

Harmailetan bizitako festarekin ezin penarik izan. Tituluan eskura izan dute, 31-30 aurretik izan azken minutuan zumaiarrak, bigarren zatian bost gol atzetik joan eta gero. Sekulako ahalegina egin dute mutilek, eta zumaiarrek gogotik eskertu diete. Bartzelonak partida berdindu du txirrinak jotzeko 13 segundo falta zirela, eta horraino iritsi zaie erregaia Pulpoko jokalariei. Buruak nahi zuen, baina gorputzak "nahikoa da" esan die. Bi astean zortzi partida jokatu dituzte, hiru Logroñon eta bost Zumaian, denak irabazi gainera, finala salbu, eta neke fisikoaz gain tentsio handia jasan behar izan dute. Bartzelonak sekulako plantila dauka, indar gutxiago xahutu dute finalera bidean, eta luzapenean erabakigarria izan da. 41-36 irabazi du Bartzelonak, baina gaur bi txapeldun ikusi ditugu kantxan.

Txapelketako jokalari onena izendatu dute Kauldi Odriozola, eta zazpiko onenean Pulpoko hiru jokalari: Kauldi bera, Ander Torriko eta Mikel Martinez.