Pulpo Espainiako Txapelketan

Pulpok eta Bartzelonak jokatuko dute finala

Baleike 2015ko mai. 10a, 01:47

Maristas Malagari 32-28 irabazi dio Espainiako Txapelketako finalaurrekoan, eta igandean (13:00etan) finala jokatuko du Bartzelona handiaren kontra. Kataluniako taldeak 27-26 irabazi dio Ademar Leoni beste finalaurrekoan.

Lortu dute. Finaleraino iritsi dira. Pulpo edo Bartzelona izango da aurten Espainiako Txapeldun jubenil mailan. Bi astean Anaitasuna, Granollers, La Rioja, Ademar Leon, Melilla, Montequinto eta Maristas Malaga utzi dituzte bidean. Ikaragarria. Finalaurrekoan Maristas Malagari irabazteko partida borobila egin beharra zegoen, eta ez dute huts egin. Melilla eta Montequintoren aurka defentsan izan zituzten zalantzak zuzenduta, seguruago sentitu dira erasoan, eta kontrolpean izan dute partida. Malagak estutu duenean hor izan dute goraino betetako harmailaren makulua.

Gaur defentsan erakutsitako sendotasunaren giltzetako bat Manu Centenoren itzulera izan da, dudarik gabe. Zuntz hausdura txiki baten erruz ezin izan zituen aurreko bi partidak jokatu, eta taldeak nabaritu zuen bere hutsunea defentsa lerroaren erdian. Malagak min egin du lehen zatian Alvaro Cabello jaurtitzaile bikainarekin eta pibotearekin, baina gaur segurtasuna transmititzen zuen taldeak, partida ondo bideratuta zegoen sentsazioa.

Atzeko lan serioak lasaitasuna eman die erasoan. Malagak 3-3ko defentsa aurreratua egin du, baina Pulpok ez du aurreko egunetako zailtasunik izan golak egiteko. Kauldi Odriozola txapelketa ikaragarria ari da egiten eta gaur ere Malagako jokalariek ez dute hura geldiarazteko modurik aurkitu. Lehen zatian markagailua oso berdinduta joan da, baina atsedenaldira hiru goleko abantailarekin joan dira zumaiarrak. Bigarren zatiaren hasieran Malagak erakutsi du irabazteko intentzioarekin segitzen zuela, eta 16nako berdinketa lortu dute 3. minuturako. Baina hortik aurrera Pulpo nagusitu da. Pixkanaka baina etenik gabe aldea handitzen joan dira, 30-22 aurreratzeraino. Azken minutuetan Malagak aldeak murriztu ditu, baina partida erabakita zegoen: 32-28, eta Pulpo finalera.

Bartzelona galtzeko zorian

Aurretik jokatu den beste finalaurrekoan Bartzelonak gogotik sufritu du finalean sartzeko. Ademar Leonek partida bikaina egin du eta Bartzelonak zailtasun handiak izan ditu gaztelarren erasoaldiak defenditzeko. Lau gol aurretik ere izan da Ademar bigarren zatian (19-23), eta bazirudien ezustekoa emateko moduan zirela. Bartzelona urduri zegoen baina partida errematatzea falta izan zaio Ademarri. Bartzelonako atezaina agertu da bere taldeak gehien behar zuenean eta pare bat jokalditan Bartzelonaren alde erabaki da finalaurrekoa. Ademarrek bi penalti huts egin ditu, eta Bartzelonak ez du barkatu. 27-26, Kataluniako taldea finalera.

Bina sarrera eros daitezke

Hirugarren eta laugarren posturako partida 11:00etan jokatuko dute Malagak eta Ademarrek, eta 13:00etan finala Pulpok eta Bartzelonak. Pertsona bakoitzak bina sarrera erosteko aukera izango da.