Pulpo Espainiako Txapelketan

Finalaurrekoak eskura ditu Pulpok

Baleike 2015ko mai. 8a, 00:27

Aurkari oso deserosoa izan da Melilla, baina Pulpok 28-21 irabazi du eta finalaurrekoetan sartzeko azken pausoa baino ez zaio falta. Azken jardunaldian Sevillako Montequintoren aurka jokatuko du (ostiralean, 20:00etan), eta zazpi goletik galduta ere sailkatuko litzateke, kasurik okerrenean.

Hiru partidak galduta bueltatuko dira etxera ziurrenik Melillakoak, baina ez da itxura eskasena eman duen taldea. Mohamed Abdel-Lan anaiak oso onak dira buruz-burukoan, eta bien artean defentsa itxietan ere zirrikituak aurkitzeko gai dira. Pulpok bazekien hori eta kezka puntu bat bazuten entrenatzaileek, ez delako Pulporen jokorako aurkari egokiena. Eta partida halaxe hasi da, deseroso Pulporentzat. Defentsan arazoekin Meillako jokalariak kontrolatzeko. Manu Centeno zuntz hausdura txiki bat da eta gaur ez du jokatu, eta hutsune hori nabaritu da defentsaren erdian. Eta erasoan ere baldar. Baloi asko galduz, baloia pasatzerakoan gehiegitan trakets. Segituan ohartu da Pulpo lan asko zegoela egiteko partida aurrera ateratzeko. Atsedenaldira 11-8 iritsi dira aurretik.

Bigarren zatiaren hasieran 16-10 aurreratu dira eta bazirudien arnas hartzeko moduan izango zirela, baina Melillakoak ez dira amore ematen dutenetakoak. Dena ematen dute eta aurkariak besoak pixka bat jaisten baditu, berriro partidan sartzen dira di-da batean. Kauldi Odriozolari buruz-buruko defentsa egin diote zortzigarren minututik aurrera, lau goleko aldeari eutsi diote bigarren zatiaren erdialdera arte, baina azken txanpan Pulpo partida hausteko gai izan da. Gaur gainera, aulkiko jokalariek minutu gehiago jokatzeko aukera izan dute, eta hori ere garrantzitsua da oraindik beste hiru partida jokatu beharko baitituzte finalaurrekoetara sailkatzen badira. Gaur lortutako bi puntuekin oker handia gertatu beharko litzateke azken jardunaldian hala ez izateko.

Multzoko beste partidan Ademar Leonek lehen partidako arantza kendu du Sevillako Montequintoren aurka, 34-18 irabaziz. Azken jardunaldian Pulpok Montequintori irabazten badio multzoko buru izango da eta Bartzelona ekidingo du finalaurrekoetan. Pulpok Montequintoren aurka galtzen badu eta Ademarrek Melillari irabazi, orduan launa puntu izango lituzkete Pulpok, Ademarrek eta Montequintok, eta kasu horietan hiruren artean jokatutako partiden gol aldea hartzen da kontuan. Zazpi golez galduta ere finalaurrekoetan izango litzateke Pulpo, baina multzoko bigarren modura, eta orduan Bartzelonaren aurka jokatu behar larunbatean. Onena, beraz, Montequintori irabaztea.

Malaga lehiakor Bartzelonaren aurka

Lehen Multzoan, goizean jokatutako partidan San Sebastian de los Reyesk 28-22 irabazi dio Covadongari, eta Bartzelona 33-26 nagusitu zaio Maristas Malagari. Malagako taldeak hortzak erakutsi dizkio Bartzelonari eta gol bakarrera ere jarri dira bigarren zatiaren erdialdean. Malaga izan daiteke Pulporen aurkaria larunbateko finalaurrekoetan, azken jardunaldian San Sebastian de los Reyesi irabazten badio.