Nepalera laguntza bideratzeko kanpaina jarri du martxan Namaste SOS Nepal taldeak

Apirilaren 25ean Nepalen izandako lurrikararen ondorioz izandako kaltetuen kopurua goruntz doa egunetik egunera. Une latz hauetan edozein ekarpen edo laguntza da ongi etorria. Laguntza hori eman naian, Namaste SOS Nepal taldeak kanpaina bat jarri du martxan, laguntza jaso eta Edurne Pasabanen Fundazioaren bitartez Nepalera bideratzeko. Pasaban bera arduratuko da lan horretaz

Namaste SOS Nepal taldearen atzean Aitor Alkorta zumaiarra dago. Nepalen izan zen orain bi urte beste bi lagun zumaiarrekin batera, eta lurrikara gertatu eta gero laguntza bideratzeko kanpaina jarri zuen martxan. Lehen paisoa Facebookeko orria zabaltzea izan zen eta haren bitartez lagun gehiagoren laguntza bilatzen hastea.

Aitor bera jarri zen harremanetan Edurne Pasabanekin. “Gure kezka zen laguntza nola bideratu Nepalera eta jendeari nola eskatu laguntza era ofizial eta sinesgarri batean. Pasabanek esan zion bere fundazioaren bitartez helaraziko zuela guk bildutako laguntza Nepalera”, azaldu digu taldekide batek.

Pasabanek bere agenda aldatu du, eta Nepalera joango da maiatzaren 15ean, hemen jasotako laguntzak kudeatzera, “gure ekimenaren bitartez jasoko direnak eta beste batzuen bidez bildutakoak. Horrenbestez, ilusioz gainezka gaude, badakigulako gure laguntza zuzen-zuzenean helduko dela behar duten pertsonengana”, diote Facebookeko orrian.

Hori lotu eta gero, artikuluarekin batera doan bideoa prestatu zuen Paula Linaza lagunak eta ekimen honetako kideak. “Whatsapp bidez hasi ginen bideoa zabaltzen. Bideoan bertan azaltzen da dirua sartzeko erabili daitekeen kontu korronte zenbakia”.

Kanpaina martxan, honi zabalkundea ematea da hurrengo pausoa. Ostiral honetan bertan Radio Euskadin Roge Blascok duen ‘La casa de la palabra’ saioan izango dira, 15:00etatik 16:00etara. Bestalde, Paula Linazaren bitartez posible da Getxon lasterketa bat antolatzea, kross modukoa. “Bildutako dirua Nepalera bidaliko genuke”.

Laguntza jasotzeko kontu bat ireki da, 'Namaste. SOS Nepal' izenarekin (Laboral Kutxa), eta kontua Edurne Pasaban Fundazioak kudeatuko du. “Fundazioa erabat gardena izango da jasotako laguntzarekin”.