Iñigo Peña Txekiar Errepublikan da Europako txapelketan parte hartzeko

Baleike 2015ko mai. 1a, 10:48

Europako piraguismo txapelketa jokatuko da asteburu honetan Txekiar Errepublikan. Bertan da Iñigo Peña zumaiarra. Bi probatan hartuko du parte: K4an 1.000 metroan eta K1ean 5.000 metroan. 

Gaur hasiko ditu lanak Iñigok, K4arekin. Javier Hernanz asturiarrak, Rodrigo Germade eta Oscar Carrera galiziarrek eta Iñigo berak osatzen dute Espainiako selekzioko ontzi hau. Goizean sailkatze estropadak jokatuko dira eta arratsaldean finalaurrekoak. Gauzak behar bezala joaten badira, igande goizean jokatuko dute finala.

Peñak bakarka parte hartzeko asmoa ere badu, kasu honetan, 5.000 metroko estropadan. Azken proba honen finala igande arratsaldean jokatuko da.

Urte garrantzitsua da aurtengoa Iñigorentzat, uda honetan erabakiko baita zein selekzio sailkatuko diren 2016ko Olinpiar Jokoetarako. Udan Milanen jokatuko den Munduko txapelketan banatuko dira txartelak. Europako zazpi herrialde sailkatu daitezke Brasilen izango diren Olinpiar Jokoetan eta horien artean sailkatzea du helburu Iñigok.

Europako txapelketan ahalik eta emaitzarik onena lortzen saiatuko direla azaldu zuen Iñigok Espainiako txapelketa irabazi ondoren egindako elkarrizketan, "batik bat aurkariekin indarrak neurtu eta abuzturako konfiantza lortzeko".