Piraguismoko Euskadiko maratoi txapelketa jokatuko da bihar Urola ibaian

Baleike 2015ko api. 30a, 15:49

Bigarren urtez jarraian, Zumaian jokatuko da piraguismoko Euskadiko maratoi txapelketa. 14:30etik aurrera hasiko dira bihar probak eta 130 ontzi inguru inguratuko direla aurreikusten dute Itxas-Gain elkarteko antolatzaileek.

Iaz izandako txapelketaren arrakasta ikusita, piraguismoko euskal federazioak proposatu zion Itxas-Gaini aurten ere txapelketa Zumaian jokatzea. "Beste edozein proba antolatzeak baino lan gehiago eskatzen du, baina iaz ikusi genuen harrera hobeagoa zuela ikusleen aldetik. Lehen neguko Gipuzkoako txapelketa antolatzen genuen eta bi katu etortzen ziren ikustera. Pasa den urtean, agian eguraldi ona egin zuelako, kristoren jendetza etorri zen”, adierazi du Itxas-Gaineko presidente Kepa Etxabek.

130 ontzi inguru ikusiko dira lanean. Euskal Herriko klubez gain, Miranda de Ebro eta Palentziako ordezkaritzak ere hurreratuko dira.

Aurtengo zirkuitoa desberdina izango da. “Iaz kritika batzuk jaso genituen olatuak egiten zirelako. Pasa den urtean Talaipe ingururaino jaitsi ginen, baina aurten ziaboga Moilaberriko zubi parean jarriko dugu. Ibaian gora ia Beduko irletaraino helduko dira, ziaboga ur araztegiaren parean kokatuko da”. 

Kadeteen estropadarekin hasiko da txapelketa, 14:30ak aldera. Hauek 10.500 metroko proba bete beharko dute. Irteera Moilaberri aurrean izango da eta helmuga itsas kiroldegi parean. Zirkuitu luzea 3.200 metrokoa da eta hari hiru itzuli emango dizkiote, hiru eramate edo porteorekin. Azken eramatearen ondoren itzuli txiki bat egingo dute; ibaian gora egin, Lagun Artea parean ziaboga egin eta helmugara heltzeko.

Behin kadeteak amaituta, 16:00ak aldera, jubenilen, 23 urtez azpikoan, seniorren eta beteranoen txanda izango da. Jubenilek 13.800 metroko estropada egingo dute (lau itzuli handi, lau eramate eta itzuli txikia); seniorrek eta beteranoek, berriz, 17.000 metrokoa (bost itzuli handi, beste hainbat eramate eta itzuli txikia).

Maratoietako une ikusgarrienak eramateak dira, inongo zalantzarik gabe. Abaila batean hurbilduko dira piraguak itsas kiroldegiko arranplara. Jaitsi, ontzia eskutan hartu eta pantalanerainoko korrika saioa egingo dute piragua karreatzen. Porteoetan segundo bat bera ere ez galtzea izaten da faboritoen helburua.

Itxas-Gainek maila guztietan hartuko du parte. Kadetetan lau ontzi jarriko ditu uretan, bi mutiletan eta beste bi neskatan. Jubeniletan, neskatan, Irati Osak txapela irabazteko aukerak dituela uste du Kepa Etxabek. Mutiletan borroka Itxas-Gaineko Martin Egaña eta Unai Azkune, eta Irungo Santiagotarrak elkarteko K2aren artean izango dela aurreikusten da. “Bi ontziak Pontevedran ere neurtuko dira eta han Europako txapelketarako lekua izango da jokoan”. Imanol Barruetabeña eta Unai Gereka aurten seniorretan arituko dira, nahiz eta jubenilak izan. Xabier Osak eta Kepa Etxabek osatuko dute bigarren ontzia.

Bakarkako estropadetan txapeldun izateko aukerak badituzte ere, klubetan halakorik ez dela gertatuko uste du lehendakariak. “Irundik tropa handia etorriko da eta Donostia Kayak ere indartsu ibiliko da. Podiora igoko garela uste dut, baina lana egin beharko da”.

Egindako lanarekin gustura

Hamabost egun barru Pontevedran jokatuko den Espainiako txapelketarako testa bezala ikusten dute Itxas-Gainekoek biharko saioa. Europako eta Munduko txapelketetarako lekuak ere bertan jokatuko dira. Irabazleak bi txapelketetara sailkatuko dira; bigarrenak Europakora bakarrik. Aurten Hungarian jokatuko den Munduko txapelketako bigarren sailkatua geroago erabakiko da, datak hurreratzen direnean.

Orain arte egindako lanarekin oso pozik agertu da Itxas-Gaineko presidentea. “Bakarkakoan emaitza oso onak lortu dituzte. Sevillan jokatu zen neguko Espainiako txapelketan ere hamargarren izan ginen 150 kluben artean, eta orain bi aste jokatutako 1.000 metrotako Kopan zilarrezko hiru domina eskuratu genituen. Entrenatzen ari garen bezala, Galizian ondo aritzeko aukerak ditugu. Hori da helburua”.