Bezeroen fidelizazio kanpaina berria jarri du abian Merkatari Elkarteak

Baleike 2015ko api. 30a, 15:34
Ezkerretik, Maider Izaguirre (Zumaia Elkartea), Izaro Altuna (Rural Kutxa) eta Marisa Marcos (Zumaia Elkartea).

Zumaiako Merkatarien eta Ostalarien Elkarteak, Rural Kutxarekin elkarlanean, bezeroen fidelizazio kanpaina berria jarri du abian. Zumaia Elkarteko 52 saltokitan erosketak Zumaia txartelaren bidez egiten dutenek deskontuak eskuratuko dituzte. “Helburua herritarrek erosketan herrian bertan egitekoa da, ekonomia sozial bat sustatzeko” azaldu dute bultzatzaileek. Kanpaina gaur bertan hasiko da eta urte amaierara arte egongo da martxan.

Dendaren arabera, %2 edo %5eko deskontua izango da eta hurrengo erosketan denda berean egingo den erosketan aplikatuko da (lehenengo erosketan ez da deskonturik izango). “Ordainketa kreditu eran egiten dutenek bakarrik eskuratu ahal izango dituzte deskontuak; zuzenean edo epeka egitea hautatzen dutenek ezingo dute kanpainan parte hartu”, argitu du Rural Kutxako arduradunak. “Deskontuaren berri erosketa txartelean agertuko bada ere, ez da beharrezkoa izango ticketa gordetzea, informazioa datafonoak berak gordeko baitu”, gaineratu du.

Kanpainan parte hartzen duten saltokien zerrenda www.zumartian.com/deskontuak web gunean argitaratuko da. Horrez gain, kanpainako partaide direla adierazten duten kartelak ere jarriko dituzte erakusleihoetan.

%2 deskontua eskainiko duten denden artean edertasun zentroak eta ile-apaindegiak, farmaziak eta parafarmaziak, gozoki dendak, gasolindegiak, garajeak, informatika eta elektrizitate dendak, altzari eta dekorazio dendak, etxetresnak, liburu-dendak, papertegiak, elikadura dendak, opari eta osagarrienak eta argazkigintzakoak daude. %5ekoan, arropa-dendak, oinetakoenak, mertzeriak, erloju-dendak, optikak eta loradendak daude.