'Boyhood' pelikula emango da gaur zine-forumean

Baleike 2015ko api. 30a, 08:17

Iaz aurkeztutako pelikula sarituenetakoa eta txalotuenetakoa emango du gaur Ostarrenak zine forum saioan: Richard Linklater zuzendari estatubatuarraren 'Boyhood' hain zuzen ere. Saioa 22:00etan hasiko da, Aita Mari zinean. 

'Antes del amanecer', 'Antes del atardecer' eta 'Antes del anochecer' pelikulek osatutako trilogian bezala, hemen ere denborarekin jokatu du Linklaterrek, baina era radikalagoan: urtero aste gutxi batzutan joan da filmatzen hamabi urte luzez familia baten eta, bereziki, gazte baten hazkuntza pelikula batean jasoaz. 

Berriako kritiko Angel Aldarondok Berriako zutabe batean jasotzen duen bezala, "Boyhood-en, Richard Linklater aktore/pertsona/pertsonaia gutxi batzuen mikrokosmosa islatzen ibili da hamabi urtean , sekula ikusi dudan saiakuntzarik sinple eta konplexuenean. Akziorik gabeko ia hiru ordu luzeko filmak guztien adostasuna lortu du, ikusle guztien maitasuna irabaziz. Azken finean, produkzio ero eta heroiko hau, bizitzari eta zinemari berari —eta elipsiei— egindako maitasun erakustaldia da".