Amaitu dira Inpernupeko kala garbitzeko lanak

Baleike 2015ko api. 29a, 20:39

Inpernupeko kalan zegoen zabortegi zaharra kentzeko lanak amaitu dira dagoeneko. Hondakinekin batera zegoen zabaldegia ere kendu dute eta harriez mugatutako lurrezko zorua utzi dute.

2014ko hasieran izan ziren itsas denboraleek hainbat materiale eraman zituzten Inpernupetik eta zabaldegiaren azpian zegoen zabortegia agerian utzi zuten. Plastikozko poltsak, adreiluak, beirazko botilak eta abar luze bat zegoen lurazpian. Denboraleak eragindako kalteak konpontzeko, Espainiako Gobernuko Kosten Zuzendaritzak diru kopuru bat jarri zuen. Iaz lan barrako eta Itzurungo hondartzan izandako kalteak konpondu zituzten. Inpernupekoak 2015erako utzi zituzten. Apirilaren 16an hasi ziren lanak eta aste honetan bertan amaitu dituzte. Lanen aurrekontua 114.389,12 eurokoa izan da.

Hondakinak bakarrik ez, porlanezko zabaldegia ere kendu dute langileek eta haien ordez lurrezko zoru bat prestatu dute. Aurrealdean, itsasoari begira, harri handi batzuk kokatu dituzte. Haitzetara jaisteko eskailerak ezkerraldean daude orain.