Irribarretik sentsibilizaziora tira komikoen bidez

Baleike 2015ko api. 29a, 15:46

Giza eskubideak marrazten proiektua burutzen ari da egunotan Zumaian, gazteak Giza Eskubideen gaian sentsibilizatzeko

Irribarreak sortzeko bakarrik ez, debateak pizteko erremintak dira egunkarietako tira komikoak. Charlie Hebdo aldizkari satirikoan izandako sarraskiaren ondoren gertaeren orrietara ere pasa ziren. Egun gutxira Kurt Westergaard marrazkilari daniarrak ere erasoa jasan zuen. Marrazkilari honek 2005. urtean Mahomaren inguruko tira satirikoak egin zituen, sekulako tentsioa sortuz nazioarte mailan.

Orain hamar urteko gertaera hura izan zen ostegunera bitartean Oxford aretoan izango den Giza eskubideak marrazten erakusketaren hazia. Kofi Annan, orduko Nazio Batuetako idazkari nagusiak, eta Le Monde egunkariko Plantu marrazkilariak mundu mailako goi-bilera deitu zuten adierazpen eta prentsa askatasunaren alde. Harren ondorioz sortu zen Cartooning for peace ekimena eta bertan mundu mailako 121 marrazkilarik hartzen dute parte, azaldu du Aintzane Gamizek, Foru Aldundiko Giza Eskubideen Zuzendaritzako kideak.

Foru Aldundiak Frantziako Fondation Varenne-eri alokatu zion erakusketa hau Donostian egindako jardunaldi batzuetarako. Erakusketaren ezaugarriengatik gazteekin lan egiteko interesgarria ikusi zen eta hezkuntza proiektua martxan jartzea erabaki zen. Helburua giza eskubideen inguruko lanketa egitea da 14-16 urte bitarteko gazteekin, beti ere modu oso parte-hartzailean.

DBH4ko ikasleek bisitatu dute erakusketa. Lehen zatian erakusketa ikusten dute eta ondoren, talde txikitan banatuta, hausnarketa egiten dute. Debatea sortzeko gai diren gaiak jasotzen dira paneletan. Gai hauen inguruko beraien iritzia jaso eta hausnarketa kritikoa piztu nahi dugu, dio Aintzanek.

Bigarren zatian bideo bat erakusten zaie eta ondoren marrazten jartzen dituzte, marrazkilariaren azalean jarriaz. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak 30 artikulu ditu eta bakoitzari artikulu baten inguruan marraztera animatzen diogu. Marrazki horiek guztiekin muralak sortzen dira eta ondoren ikastetxeetara eramaten dira. Programa ez da erakusketarekin amaitzen: irakasleei material pedagogikoa ematen zaie gelan jarraitu dezaten eduki hauek lantzen.

Non dago muga?

Gazteekin adierazpen askatasunaren gaia ere debatitu da. Panel batean galdetzen da ea edozer gauzez barre egin daitekeen. Irakasle batek bere ikasle baten kasua ekarri zuen. Gaztea musulmana da eta zioen beraiek ezin dutela Mahomaren irudia margotu, debekatuta dutela. Beste kultura edo erlijiotako jendea Mahomarengatik iseka egiten ari direla uste du eta hori beraientzat pentsaezina dela. Guretzat garrantzitsua da adierazpen askatasuna eta norberak bere ideiak azaltzea, baina non dago muga? Debatea oso zaila da, ez da eta erraza hori mugatzea. Baina ikasleek ezezkoa diote, ez dela denaz barre egin behar.

Gazte hauen hezkuntzan eta hazkuntzan baliagarria izango delakoan da Aintzane. Pentsatzen dugu adin hauetan gazteak ez direla gauzen kontziente. Baina giza eskubideen kontzeptuekin geratzen badira, edo telebista ikustean edo interneten sartzean gauzak era desberdin batean ikusten badituzte, pozgarria izango da.