Santelmoak 2015

“Saio gutxi izango da hainbeste jende duena begira!”

Baleike 2015ko api. 20a, 16:26

Festek iraun duten bi asteburuetan makina
 bat musika talde izan dira Zumaian: txarangak, berbenakoak, rock taldeak, txistulariak...
Baina gutxik dute urtean behin biltzen
den txaranga honek bezainbateko xarma.Taldea 
osatzen dutenetatik lau bildu genituen Baleike aldizkarirako: Jesus Mari
 Martin eta Aitor Leiza hasieratik daude, Anto
nio Azpillaga eta Andoni Tapia urte gutxi batzuk geroago sartu ziren.

Jesus Mari: 1998. urte inguruan hasiko ginen gu.

Aitor: Errepetizioetako igandean jotzen hasi ginen Festatxo bezala. Ordura arte kanpoko taldeak izaten ziren musika jotzen, baina horiek ez zekizkiten San Telmo Martxa eta bertako kontuak. Gau horretan hasi ginen Martxa jotzen. Hasieran, ez zegoen ia inor.

Jesus Mari: Musika geratu egin zen bandera jaitsi behar zelako. Tolok esanda hasi ginen San Telmo Martxa jotzen.

Aitor: Gero, kointziditu zuen astelehena jaieguna zela...

Antonio: 2000. urteko maiatzaren 1a izan zen. Alabari eskatu nion begiratzeko.

Aitor: Urte horretan hainbeste jende zegoen, hainbeste jende banderaren jaitsieran, San Telmo Martxa jo genuen gau horretan ere eta ordutik jendea zain egoten da. Hainbeste jende zegoen eta gu bi katu, errefortzuak behar genitun.

Jesus Mari: Hasieran Festatxoko jendea juntatzen zen. Aitor, Juan Luis [Blanco] tubarekin, Ander Hormazuri, Imanol Urbieta ere urte batean etorri zen eta neu. Antonio behin etorri zen eta galdetu zidan ea bazuen berak ere joatea. Nola ez zen, ba, etorriko, San Telmo kalekoa izan eta guri baimen eske!

Andoni: Hasieran jendea behean jartzen zen abesten, Antxonek musika dena emanda jartzen zuen tabernan eta gora joaten zen bandera jaistera.

Antonio: Orain ohitura bihurtu da, obligazio bat bezala.

Jesus Mari: Inork ere ez digu esaten ez joateko [barreak].

Andoni: Batzuk zain egoten dira.


Jesus Mari: Gustura egoten gara, baina batzuetan kostatu egiten da. Dios! Hurrengo egunean lanera joan behar eta...

Antonio: Gaueko hamabiak arte zain egon behar.


Jesus Mari: Bestela arratsaldeko zortzietarako ohean sartutaegongo zinen.


Aitor: Orain esan dezakegu jendeak bandera jaitsi arte agoantatzen duela. Gero ospa egiten du, denak desagertu egiten dira.

Andoni: Eta oraindik batenbat etortzen da esaten ea txapak jotzea badaukan.

Jesus Mari: Bai, ze normalean falta izaten dugu.

Andoni: Musikari izandako norbait ikusten badugu, ei, barrura!

Aitor: Nik ez dakit musika entzuten den ere.


Andoni: Guk gure artean entzunez gero, nahikoa da.

Aitor: Nik beti pentsatu izan dut lau metro atzera ez dela entzuten hainbesteko zaratarekin. Egiten duguna, hori bai, da perkusioa jotzen dugunok musikariak zertxobait babestu.

Andoni: Justaneko atean jartzen gara.

Jesus Mari: Bultzada bat izaten bada, instrumentua mutu- rrean duenak mina hartzea dauka.

Andoni: Ez da igoeran bezala; igoeran obligazioa hartu dute bultzaka hastekoa. Gehiegizkoa da.

Jesus Mari: Niri pena emango lidake [jaitsierara jotzera] ez joatea.

Antonio: Guk ahal dugun bitartean segiko dugu, baina egin beharko genukeena da datorrenari aukera eman.

Jesus Mari: Hau denei irekita dago.

Aitor: Norbaitek etorri nahi badu, azaldu dadila. Hala musikari gehiago egongo gara.

Aitor: Juan Luis, hemen badago, Jesus Mari eta ni gara esatez fijoak. Gero, bonboa edo txanpinak zeinek joko dituen, inkognita izaten da azken unera arte.

Jesus Mari: Gainera, saio gutxi izango da hainbeste jende duena begira!

Aitor: Kobratzen duten txaranga askok nahiko lukete hainbeste jende mugitu! Behin uste izan genuen Udalak txaranga ekarri zuela jaitsierarako. Haserretu egin ginen: “hau gurea da!”.

Antonio: Guk egiten dugu nahi dugulako. Hemen ez dago soldatarik ez halako ezer. Ohitura hori hartu dugu, gustatzen zaigu eta segi aurrera.

Jesus Mari: Gainera jendea gustura ikusten da.

Antonio: San Telmo Martxa eta beste pare bat pieza jotzen ditugu.

Andoni: Gero jendea hasten da “Kalean gora, kalean behera” kantatzen. Handik pasakallean Beheko Plaza aldera joaten gara, eta kitto.

Jesus Mari: Eta gu ohera.