Santelmoak 2015

Taosarena izan da olagarro zoparik onena

Taosako Jose Inazio Egaña Peaso eta Josu Agirrek irabazi dute aurtengo olagarro zopa lehiaketa. Epaileen lana bertatik bertara segitzeko aukera izan du aurten Baleikek. Hemen daukazue epaileen gelan bizitakoaren kronika.

Lehiaketa serioa da olagarro zoparena, eta hala hartzen dute Beheko Plaza elkarteko antolatzaileek. Sukaldarien lana dastatzeko aukera izaten da urtero, eta herritar bakoitzak bere iritzia duenez, mundu guztia ez da ados izaten epaileen erabakiarekin, eta hori nahikoa izaten da batzuek epaia bera ere zalantzan jartzeko. "Lehen kexa gehiago izaten zen; azken urteotan epai-mahaiaren sistema aldatu egin dugu eta orain ez dago susmorako aukerarik", azaldu digute antolatzaileek. Eta gure begiekin ikus dezagun, epai-mahaiaren lana ikuskatzera gonbidatu gaituzte aurten.

"Lehen epai-mahaia urtero pertsona berberek osatzen zuten, baina duela urte batzuk erabaki genuen sistema aldatzea. Orduz geroztik, lehiaketan parte hartuko duten elkarteen artean bost epaile zozkatzen dira. Beraiek dira, beraz, erabakia hartzen dutenak". Urtero txandatuz doaz, beraz.

Lehiaketa 11:00etan hasten da, eta 13:00ak arte dute sukaldariek olagarro zopa prestatzeko. Lehiakide bakoitzak 330 gramo olagarro jasotzen ditu. "Antolatzaileok jartzen dugu olagarroa. Geuk jartzen dugu beratzen egun batzuk lehenago, eta geuk txikitzen diegu. Beratzeko erabilitako ura ere ematen diegu".

Sukaldariak olagarro zopa prestatzen ari diren bitartean epai-mahaiko kideek ezin dira sukaldeetara gerturatu. "Sarrera debekatua daukate, gero baloratzeko orduan inork ez dezan inolako pistarik izan". 12:00etatako Hogarreko lehen pisuan biltzen dituzte epai-mahaiko kideak, hamaiketakoa egin dezaten. Aurten, Beheko plaza, Txepetxa, Anade, Taosa eta Inpernupeko ordezkariak bildu dira. Olagarro zoparik onenaren ezaugarriak galdetuta, "norberaren gustokoa" da denen erantzuna. Irizpide idatzirik ez dago, baina denak datoz bat, "betidanik" egin dena dela onena, "osagai berezirik gabea".

Lehortutako olagarroa ez da produktu batere merkea. Lehiaketarako 70 bat euro ordaindu dituzte kiloko, baina ehun euro ere ordaintzen dira. "Olagarroa harrapatu ondoren, aurrena usteltzen laga behar da, lau edo bost egunez, eguraldiaren arabera", esplikatu digute epaileek. "Gero, lehortzen jarri behar da. Hego haizea tokatuz gero bizpahiru egunetan lehortuko da, baina kontu handia izan behar da euriarekin eta gaueko ihintzarekin". Gauez etxera sartzen dituzte, bustiz gero usteldu egiten delako. "Gero periodiko paperean biltzen da gordetzeko". Zumaian eta kostaldeko inguruko herrietan olagarro lehorra da ezagunena, baina lehen kolayua (mielga) ere lehortzen zen gero patatekin jateko. "Kantabria aldean txitxarroa eta berdela ere lehortzen dute".

Berriketan ari garela, epaileak lanean hasteko ordua iritsi da. Hamar plater ekarri dizkiete mahaira, bakoitza zenbaki batekin. Sukalde bakoitzak bere zenbakia du, baina epaileak dauden gelara ekarri aurretik antolaketako kide batek zenbakiak aldatu egiten ditu, eta berak gordetzen du zerrenda, puntuaketa amaitu arte. Horrela, inork ezin du jakin plater bakoitza norena den. 

Hasi dira platerak dastatzen. Bakarrik koloreari begiratuta, alde handia sumatzen da plateren artean. Batzuk ilunago, tipula gehiago gorritu dutelako; beste batzuk gorriago, tomate gehiago erabili dutelako, edo agian tomate saltsa edo piper saltsa erabili dutelako. Loditasunean ere aldea dago, batzuk arinago, beste batzuk sendoago. Hogei bat minutu eman dituzte platerak dastatzen, behin eta berriz, platerak alderatu eta puntuaketa zuzenena emateko. Behin puntu guztiak zenbatu ondoren, sailkapena prest dago. Lehenak 39 puntu, bigarrenak 29 eta hirugarrenak 28. Baina zein dira irabazleak? Izenak jakin gabe aterarazi dituzte epaileak gelatik. Sari banaketan jakingo da: aurrena Taosa, bigarren Beheko plaza eta hirugarren Txoaskina.