Santelmoak 2015

Antxon Segurola, 30 urte bandera jaisten

Baleike 2015ko api. 20a, 13:09

Justa tabernako barraren barrualdean lan egiteaz gain, Antxon Segurolak badu beste eginkizun bat santelmotan: San Telmo Martxaren doinuekin bandera jaistea festen amaieran. "Lehen ez zen jaitsierarik egiten, ez zegoen ez festa amaierarik ez ezer. Buitraker koadrilakoak hasi ziren honekin", hasi da esplikatzen.

30 bat urte daramatza lan horretan eta azken urteetan nekatuta bukatu badu ere, osasunak errespetatzen badu, aurrera jarraituko duela dio. Gaur egun festen egitarauaren parte bada ere, orain hamarkada batzuk jendea ez zen egoten bandera jaisteko zain. “Lehen ez zen jaitsierarik egiten, ez zegoen ez festa amaierarik ez ezer.  Buitraker koadrilakoak hasi ziren honekin. Zioten sanferminetan festa amaierako ekitaldia dagoen bezala, hemen ere zerbait egin beharko zela. Behean jarri ziren kantuan eta nik, balkoira irtenda, bandera jaitsi nuen. Hala hasi zen guztia. Hasieran kantuekin hasi ginen, gero tabernako bozgorailuak topera jartzen nituen kaletik entzuteko eta handik urte batzuetara txaranga bat agertu zen banderaren jaitsierara. Behean jarri ziren musika jotzen, eta orain arte”.

San Telmo Martxaren mugimenduekin bandera nola jaitsi ikasten eta perfekzionatzen joan da urteekin. “Hasieran, behean nituen horiekin ez zen erraza! Kortxoak eta arrautzak ere botatzen zituzten. Baina, beno, gero martxa hartu nuen, pixka bat beherago, pixka bat gorago [ahapetik kantatzen hasten da eta jaitsieraren keinuak egiten], baina egia da, baita ere, bandera horrek gero eta pisu handiagoa hartzen duela”.

Brometan hasi zen zerbait dagoeneko tradizioaren parte bihurtu da eta jende ugari geratzen da gauerdia arte jaitsiera ikusteko. “Ardura handia ere bada hainbeste jenderen aurrean egotea. Gaizki pasa ere izan dut, urduri, nekatuta... Pasa den urtean ere nekatuta bukatu nuen eta lagatzekotan egon naiz. Festetan lan asko egin behar izaten da tabernan. Musika ere topera izaten da eta burua zoratuta bukatzen dut. Gauera arte egon behar da lanean eta hurrengo goizean berriro. Hozkailuak bete behar dira 10:00etarako txakolin freskoa izateko. Pena pixka bat ere ematen dit jaitsierakoa uzteak... Baina, beno, osasuna badut, jarraituko dut”.

Bandera jaisten hasi aurretik, beste ardura bat ere eman zioten Antxoni, orain 40 urte. “[Kofradiako kanpoaldean dagoen] Kanpaia jotzen da prozesioan. Beti jotzen zuena egun batean falta zen eta goian bizi zen Juan Carlosek esan zidan nik jotzeko. ‘Nik kanpaia jo? Ezta pentsatu ere!’. Gero soka hartu nuen, hasi nintzen astintzen eta ‘Ostia, hau nola da?’. Gero hartu nuen erritmoa. Behin soka puskatu zen eta santua justu aurrean geratu zen. Kasualitatea. Kofradiako jendea etorri zen, teilatura igo eta konpondu zuten”.

Momenturik txarrena 2000. urtean izan zen, masta hautsi eta bandera lapurtu zutenean. “Ez nuen sinesten. Masta lurrean zegoela ikusi nuen. Sartu nintzen tabernan eta denak haserretuta ikusi nituen. ‘Zer pasatzen da?’, galdetu nuen. ‘Bandera lapurtu dutela!’. ‘Mekauendio!’. Bandera ez da agertu. Esan zuten getariarrak izan zirela. Berria Bereziartuaren an- dreak, Pandorok, egin zuen, bere kontura. Debalde egin zuen eta eskerrak eman behar zaizkio horregatik.

Erlazionatuak

BIDEOA: Banderaren jaitsiera

Baleike 2015 api 20 Zumaia