Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du berriz martxan Udalak

Baleike 2015ko api. 16a, 20:40

Udaleko Euskara Zerbitzua, UEMArekin elkarlanean, errentaren aitorpena egiten duten aholkularitza zerbitzuekin harremanetan jarri da eta guztiek bat egin dute kanpainarekin; mahai gaineko txartel batzuen bidez adieraziko dute euskaraz egiteko aukera, eta kartelak ere jarriko dira hainbat lekutan herritarrak horretara gonbidatzeko. Horrela, euskarari bide berriak irekitzen zaizkio eta, bide batez, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da.

Urtero kopuruak gora egiten du, eta 2014an 1.000ra iritsi zen euskara hautatu zutenen kopurua. 2015ean kopuru hori gainditzea da kanpainaren helburua.

Errentaren gaineko aitorpena egiteko kanpaina apirilaren 13n hasi eta ekainaren 25ean amaituko da; etxera bidalitako autolikidazio proposamenak dagoeneko berresteko aukera badago.

Hiru bide daude daude aitorpena egiteko eta guztietan erabil daiteke euskara:  mekanizatua, autolikidazio proposamena eta Internet bidezkoa

Mekanizatua

Foru Ogasuneko bulegoetan egiten da; gure eskualdean Azpeitian egin daiteke. Horretarako hitzordua eskatu behar da, telefonoz edo Internetez. Telefonoak euskara aukeratzeko bidea emango du, baita Interneteko atariak ere. Bulegoan euskaraz hitz egiten bada, langileak euskaraz beteko du zure aitorpena; hala ere, ziur egoteko, euskaraz egin nahi dela esan daiteke.

Autolikidazio proposamena

Zergadun batzuei etxera bidaliko zaie proposamena, Foru Ogasunak eskura daukan informazioan oinarritutakoa. Proposamena ontzat ematen bada; bi bide daude onartzeko: telefonoz edota Internet bidez. Proposamena eta eskutitza ele bietan jasoko da. Telefonoa erabiliz gero, euskara erabiltzeko aukera emango da. Internet bidez ere euskaraz egiteko aukera izango da.

Internet bidezkoa

Batetik, aholkularitza zerbitzuek erabiltzen dute bide hau. Gune horietara sarreren, gastuen, kenkarien eta abarren frogagiriak eraman eta bertako langileak arduratzen dira aitorpena egin eta bidaltzeaz. Ondoko zerrendan daude Zumaian non egin ahal izango den zure aitorpena euskaraz. Nahikoa da bertako langileari euskaraz egin nahi dela adieraztea.

 

 

 

AM aholkulariak

Ardantzabidea 16, behea

943 862609

Ricardo Azcue aholkularitza

Txomin Agirre kaia 4

943 862651

Unanue aholkulariak

Erribera kalea 6

943 860960

Zumai aholkularitza

Amaiako plaza 15

943 862624


Bestetik, partikularrek ere har dezakete bide hau, ogasunaren webgunean. Horretarako laguntza programa erabili behar da. Interneteko gunean hasieratik euskaraz betetzeko aukera izango da, eta PDFko inprimakiak euskaraz ere badade eskura.