Gipuzkoako aurrekontuaren zati bat zertara bideratu erabakitzeko aukera dute zumaiarrek

Baleike 2015ko api. 15a, 11:02

Gipuzkoako hamar eskualde aukeratu ditu Aldundiak bakoitzean herritarrek bi milioi eurorekin zer egin erabaki dezaten. Zumaian proposamenak egiteko apirilaren 27an eta 28an izango dira.

Duela bi urte hasitako bideari jarraituz, aurten ere herritarrek erabakiko dute Diputazioaren aurrekontuaren zati bat zertara bideratu. Aurten, Gipuzkoan hamar eskualde zehaztu dituzte, eta bakoitzean bi milioi euro jarriko ditu Diputazioak herritarren eskura, hurrengo lau urteetan inbertsioak egiteko: Bidasoan, Buruntzaldean, Debabarrenean, Debagoienean, Goierrin, Oiartzualdean, Tolosaldean, Urola Erdian, Urola Garaian eta Urola Kostan.

Urola Kostako Partaidetzazko Aurrekontuak garatuko dira Urola Kostako Udal elkartearekin elkarlanean eta eskualdeko sei Udalen laguntzarekin.

Parte-hartze prozesuak bost fase izango ditu. Lehena martxan da. Herritarrek eskualderako dituzten proposamenak egin ditzakete, ondorengo hiru bidetatik:

1) Internet bidez: www.aurrekontuakhobetzen.eus
2) Gipuzkoa aldizkariarekin banatzen ari diren esku-orria udal egoitzetako postontzietan utzita; (atxikita bidaltzen dizueguna)
3) Herrietan egingo diren tailerretara joanda. Zumaiaren kasuan:

Apirilaren 27an, 19:00etan, Oxford aretoan (euskaraz)
Apirilaren 28an, 19:00etan, Oxford aretoan (elebitan)

Bigarren fasean, jaso diren proposamenak bildu eta herritarrek aukeraketa bat egingo dute. Ekaineko bigarren astean izango da hori. Jarraian, proiektuak bideragarriak ote diren aztertuko dute Aldundiko teknikariek hirugarren fasean. Laugarren fasean, txosten teknikoak ezagutu ondoren, behin betiko proposamenak aukeratuko dituzte herritarrek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak urrian aurrekontu proiektuan txertatuko ditu.