Santelmoak 2015

...eta San Telmo egunean santuaren irudia erori zen

Dena primeran zihoan. Ostiral gaueko euri zaparradak ezik, eguraldia lagun izan da; jendetza kaleetan; inoiz baino despedida gehiago; giro ezin hobea Zumaian... eta festetako egun handian, astelehenean, San Telmo egunean, santuaren irudia irauli eta erori egin zen San Telmo baselizaren sarreran. Hemen daukazue asteburuko kronika, argazki bildumarekin osatuta.

Zorionez, San Telmoren irudiak ez zuen kalterik izan eta meza amaitu eta berehala Arbustaineko zenbait lagunen eta egun honetako ohiko prozesioan parte hartzen duten herritar batzuen laguntzarekin, irudia berriro idulkiaren gainean jarri zuten eta prozesioan itzuli zen baselizatik San Pedro parrokiara. Hala ere, berria herritarren artean azkar zabaldu zen eta batzuek bere ardura azaldu bazuten, beste askoek umorea erabili zuten festa hauen historiara pasako den pasartea gogoratzeko.

Anekdota hau izan ezik, gorabehera handirik gabe pasa da santelmoetako lehen asteburua. Herritarrek zein inguruko herrietatik etorritako bisitari ugari izan da Zumaian festa egun hauetan. Azken urteetan ohikoa bihurtu denez, ezkontzen bezperako hainbat

despedida izan dira. Bat, bi, zortzi, hamaika... Herritar batek hogei bat despedida kontatu zituen larunbatean, hauek ekartzen duten kolorearekin. Jendetza ez zen falta izan igandeko bi danborradetan: eguerdian haurrena eta gauean helduena.

Omenaldiak ez dira falta izan. Igande goizean Presenta Manterola sare-konpontzailea omendu zuen Arbustain motor elkarteak marinel zaharrei eskaintzen zaien hamaiketakoan. Gauean Antonio Larrañagaren txanda izan zen. Getariarra jaiotzez, baina Zumaian ezkondutako gizona, bizitza osoan itsasoan egin du lan, orain urte gutxi batzuk jubilatu zen arte. Behin txapela buruan jarrita, bera izan zen San Telmo

Martxaren doinuekin eta ehunka herritarren aurrean, Kofradiako bandera igo zuen arrantzale-ohia. Ez zen hau izan gau horretan igo zen bandera bakarra: Zumaiako emakumeek Gipuzkoako batel txapelketa irabazi zuten herenegun eta Kofradiako balkoian astindu zuten herritarren txalo artean.

Santelmoek datorren asteburuan izango dute jarraipena repetizioekin. Ostiralean bertso eta rock saioak izango dira eta igande gauerdira bitartean izango da zer ikusi, zer entzun eta zer bizi Zumaian.