Santelmoak 2015

Jaialdi polita osatu dute gaur pilotariek Odietan

Eguraldi paregabea lagun,hiru pilota partidaz gozatzeko aukera izan dute jarraitzaileek Odietan. Afizionatu mailako partidan Larrañagak eta Perezek 22-18 irabazi dute Peña eta Martinezen aurka.

Lopetegi-Etxeberria eta Arriola-Yeregi bikoteen arteko pala partidarekin hasi da aurtengo pilota jaialdia. Etxeko bikotea saiatu da norgehiagokari eusten, baina zestoarrak gehiago izan dira eta azkenean 22-40 irabazi dute Lopetegik eta Etxeberriak.

Gazte mailako pilotarien txanda etorri da ondoren. Larrañaga, Agirre eta Alkorta alde batetik, eta Aristi eta Etxabe bestetik. Larrañaga infantil mailakoa da oraindik eta partida Agirrerekin erdibana jokatzea zen hasierako asmoa, baina ikusirik Aristi eta Etxabe erraz ari zirela nagusitzen antolatzaileek erabaki dute hirurak jartzea kantxan bikotearekin kontra. Orduan pixka bat orekatu da partida, baina hala ere Aristik eta Etxabek erraz irabazi dute, 23-40, Aristi aurrealdean erabat nagusituta.

Jaialdiko partida nagusian afizionatu mailako lau izen handi. Alde batetik, beteranoena, Iurgi Larrañaga aurrelari azpeitiarra. Pilotari bikaina, Dinastia Etxabe txapelketa behin baino gehiagotan irabazitakoa. Berekin bikotea osatuz Perez gaztea, gasteiztarra, eta etorkizun handiko atzelaria. Beste bikotea Peñak (Tolosa) eta Martinezek (Bera) osatu dute. Oraindik oso gazteak diren arren, dagoeneko profesionaletarako jauzia emateko prest daude, Martinez batik bat. Maila handiko lau pilotari, beraz, eta partida ere halakoxea izan da. Larrañaga bikain moldatu da Odietako frontoian bere joko biziarekin. Atzean Martinezek aho zabalik utzi ditu zaleak zenbait kolperekin, baina azkenean Larrañaga eta Perez bikotea izan da onena (22-18).