Santelmoak 2015

BIDEOA: Banderaren igoera kofradian

Baleike 2015ko api. 13a, 13:49

Antonio Larrañaga arrantzale ohiak igo du aurten San Telmoren bandera kofradian, danborradak San Telmoren martxa jotzen zuen bitartean.

Antonio Larrañaga Getarian jaio zen orain dela 64 urte, baina 33 daramatza Zumaian bizitzen. Bizitza osoa itsasoan pasa duela dio. "14 urterekin hasi nintzen eta 57rekin utzi nuen. Jubilatu nintzen arte urtero-urtero joan behar izan nuen itsasora San Telmo garaian. Beti eman  zidan pena. Herriko festak izan, hemen jende guztia festetan, eta otarra hartu eta itsasora joan behar".

Arrantza mundua beti izan da gogorra, zalantzarik ez da horretan, baina lehen gogorragoa zela dio Antoniok: "Lehen sareak eskuz jartzen genituen; orain makinak dituzte horretarako". Baxuran aritu izan da Antonio, beti Getarian: San Agustin arrantzontzian, hasieran, eta Santa Lucia-n ondoren. Urte horietan guztietan apenas izaten zituen atseden egunak. "Atunetan ez genuen ez festa egunik, ez asteburu librerik izaten. Primaberan bai, baina atunetan ez". Jubilatuz gero ezagutu ditu Antoniok herri festak. "Ordura arte ez nituen festak ezagutu; ordutik ezagutu izan dut zer edo zer".