Darahli 2015

Darahli 2015: “Gazteak oso inplikatuta atera dira egonaldi honetatik”

Darahli 2015 bidaiko kideak dunetan. Argazkia: Peio Romatet

Igandetik bueltan da Darahli 2015 espedizioa. Astebete pasa dute Tindufeko kanpalekuetan eta helburuak beteta egin dute Zumaiara buelta. “Orokorreak esperientzia oso ona izan da”, laburbildu du Darahli elkarteko koordinatzaile Samuel Ruizek.

Martxoaren 29an atera zen 73 kideko taldea Zumaiatik Algeriako hegoaldera bidean. Taldea DBH 4ko 55 ikaslek, monitoreek eta bi sendagilek osatzen zuten. “Bidaia bertan ere zortea izan dugu. Aurreko bidaietan geldialdia egin behar izaten genuen Oran hirian, baina oraingoan bai joatean, bai itzultzean zuzenean egin dugu bidaiak, bai Bilbo-Tinduf, bai Tinduf-Bilboa. Gainera puntuan atera dira hegazkinak!”.

Egindako plangintza ia bere osotasunean bete dela nabarmendu du Samuelek. “Beti ere puzzle antzerakoa egin behar izaten genuen; asteazkenerako prestatutakoa ostegunean egiten zen, baina bete, bete da”. Arazo handiena garraioan izan dela ere azaldu du. “Talde handia zen gurea, eta aparte beste talde batzuk ere bazeuden. Bi autobus handia behar genituen eta batzuetan ez ziren libre egoten”.

Aurreko bidaiekin alderatuta aurten bete ez den ekintza 21 eguzki-plakak familiei ematea izan da, “plakak ez direlako garaiz heldu. Saharara joan aurretik Gobernadorearen dei bat jaso nuen. Esan zidan Euskal Karabana oraindik Oran herrian zegoela eta ez zekiela ea garaiz helduko zen. Pena izan da. Ikasleek hori ikustea nahi izango genuen, baina ez da posible izango. Geroago emango zaizkie plakak familiei”.

Horretaz aparte, gazteek prestatutako guztia bete dutela dio Samuelek. “Gutunak eman dizkiete familiei, eskola txukundu dute, etab. Hala ere politena beraientzat familiekin egotea izan da”. Egonaldian sekulako beroa pasa dutela azaldu du, “aurreko bidaietan baino askoz gehiago. Eguerdian ezin zen ezer egin eta 13:30etik 16:00etara etxeetan egoten ziren, familiekin. Iluntzean burutzen genituen programako beste ekintzak”.

Bidaian parte hartu duten bi sendagileek kontsulta ere pasa dute eta baita material sanitarioa eraman ere.

Ikasle gazte hauentzako ahaztuko ez duten bizipena izango dela uste du Darahliko koordinatzaileak. “Ostiralean dunetara joan ginen eta han bidaiaren balorazioa egin genuen. Oso barrenekoa izan zen, oso hunkigarria eta han atera ziren sentimendu eta negar guztiak. Gazteak oso inplikatuta atera dira, lotura handia dute taldearekin eta edozer lan egiteko prest agertu dira. Agian hurrengo bidaian monitore lanak egiteko prest izango dira; aurtengo egonaldian joan diren 15 monitoreetatik 13 aurrez kanpalekuetan izandakoak dira”. Ekainaren amaieran 40 bat haur saharar etorriko dira Oporrak bakean kanpainaren barruan eta gazte hauen beharra izango dutela dio monitore lanak egiteko. “Ikusiko dugu nola moldatzen garen, txandak eginez edo”.

Aurreko bidaiekin alderatuta kanpalekuak egoera hobean daudela uste du Ruizek. “Familien aldetik hobekuntzak izan dira, gehienbat higiene aldetik. Oraindik ura botatzen jarraitu behar da, baina komunek egoera hobea dute. Auserden hasi dira argindarra sartzen eta espero da lauzpabost hilabeteko epean hasi dela elektrizitatea haimetara heltzen”.

Janari aldetik ere ondo zaindu dituztela azaldu du. “Familia beraiek ohikoan jaten ez dituzten gaiak jateko aukera izaten dute, haragia edo fruta, adibidez, oso garestia delako. Haima edo etxe bakoitzean bost ikasle eta monitore bat hartu dituzte, eta heltzean eta joatean diru kopuru bat eman zaie. Gauza da hasieran dena emango bagenien, dena guri emateko janarian gastatuko zutela, eta ez dugu hori nahi; beraientzako zerbait geratzea da asmoa”. Kanpalekuetara kanpotik heltzen den laguntza asko jaitsi dela salatzen du. “Orain bertan huskeria bat heltzen da”.

Bidaiatik bueltan, Oporrak bakean programa gauzatzea izango da hurrengo urratsa. “Bilboko elkarte batekin jarriko gara harremanetan horretarako”. Eta udazkenetik aurrera hurrengo pausoak pentsatzen hasiko da elkartea. “Argindarra izango dutenez, eguzki-plaken programa bertan behera geldituko da eta horretara bideratzen genituen 6.000 euroak zertan gastatu erabaki beharko da, ez da eta erraza izango. Kontseilua biltzekotan da eta han erabakiko da zehatz-mehatz zein diren behar handienak”.