Udal hauteskundeak 2015

Oier Korta: “Ziaboga eman behar dugu, Zumaiak merezi duelako”

Baleike 2015ko mar. 30a, 12:08
Oier Korta atzoko agerraldian, Gipuzkoako EAJko kidez inguratuta. Argazkia: Gorka Zabaleta

EAJren alkategai Oier Kortak “proiektu berriak” aldarrikatu ditu Zumaiarentzat, publiko aurrean egin duen lehen agerraldian.

Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetarako eskualdeko hautagaiak aurkeztu zituen atzo EAJk Beheko plazan, tartean Zumaiako alkategai Oier Korta. Alkatetzarako hautagai denetik lehen ekitaldia zuen atzokoa Kortak. “Duela hamabost urte hemen [Beheko plazan] hitz egin nuen lehen aldiz publiko aurrean; gaurkoa bigarren aldia da. Orduan kiosko bat zegoen hemen; gaur aterpea geuk jarri behar izan dugu. Hauek dira Bilduren gobernuaren ondorioak”, kritikatu zuen. “PNVk martxan utzitako proiektuak gauzatzea besterik ez du egin Bilduk azken zortzi urteotan. Zumaiarrok daukagun sentsazioa da herria geldirik dagoela. Guk bestelako Zumaia nahi dugu, bestelako Gipuzkoa. Ilusioa txertatu nahi dugu herrian, proiektu berriekin, talde berri batekin, EAJren bidez”.

Bilduren “hitz hutsen” aurrean, Zumaiak proiektu berriak behar dituela aldarrikatu zuen jeltzaleen hautagaiak: “Bildu bere aurkezpen ekitaldian esan zuen feminismoa, euskara eta burujabetza direla bere proiektuaren ildoak. Hitz hutsak dira horiek, ikusita nork esaten dituen. Zumaiak hori baino gehiago behar du, Zumaiak proiektu berriak behar ditu”.

“Bilduri gasolina agortzen”

Bilduk hondakinen gaiarekin izan duen kudeaketa salatu eta maiatzaren 24an zumaiarrek aldaketarako aukera dutela gogorarazi zuen: “Nik alkateari esan nion duela bi urte, hondakinen mahaiaren akordioa abioiak lur hartzeko aukera paregabea zela, baina inora ez doan aireratzea izan da. Baina gasolina agortzen ari zaio abioiari, maiatzaren 24an dute zumaiarrek erabakitzeko aukera. Maiatzaren 24an ziaboga eman behar dugu, Zumaiak merezi duelako”.

Bilduk Adegiren eta enpresarien aurka zer ote duen galdetu zuen Kortak: “Herria enpresariek, sindikatuek eta eragile guztiek osatzen dugu. Nik irabazten badut, eragile guztiekiko distantzia berbera mantentzea izango da nire jarrera. Eta irabaziko dugu”.

Azkenik, azken hilabetean herriko taldeekin egiten ari diren bileretatik ilusioz eta gogoz beteta atera direla adierazi zuen: “Ilusioaren poltsa beteta daukagu jasotzen ari garen babesarekin”.