Iñigo Peña: “Abuztuko Mundialean Olinpiar Jokoetarako txartela lortzea da helburua”

Baleike 2015ko mar. 25a, 11:30

Sasoi betean dago Iñigo Peña (Zumaia, 1990), “momenturik onenean”. Espainiako Neguko Txapelketa irabazi berri du, “txapelketa berezia piraguistentzat, denok hartzen dugulako parte, esprintekoak eta maratoikoak”. Hemendik aurrera nazioarteko txapelketak dauzka helburu, eta gorriz markatuta abuztuan Milanen jokatuko dute Munduko Txapelketa. Olinpiar Jokoetarako postuak daude jokoan.

Distantzia berezia du Espainiako Neguko Txapelketak...
Txapelketa berezia da, bai, 5.000 metrokoa. Piraguista guztiak biltzen dira, distantzia motzetakoak eta maratoikoak; proba honetan bakarrik gertatzen da hori. Herriaren txapelketa deitzen zaio, denok hartzen dugulako parte. Txapelketa hau irabazten duenak izen ona lortzen du piraguisten artean, gehiago errespetatzen zaituzte.

Zu esprinteko espezialista zara eta markatutako kaletik joaten zarete. Txapelketa hau kale librekoa da. Nola moldatu zinen?
Oso proba gogorra izan zen, piraguista asko geunden goi mailakoak. Kale librean izanik, kolpe asko izaten dira, eta zortea ere behar da arazorik ez izateko. Estropada hasieran 20 bat piraguako taldea osatu zen, eta neuk, zorionez, ez nuen arazorik izan, ondo kokatuta joan nintzen. Helmugarako 500 metro falta zirela hiru lagun geunden aurrean, Diego Cosgaya, Roi Rodriguez eta ni neu. Orduan jo nuen erasoa eta lehena iritsi nintzen.

Zer suposatzen du zuretzat garaipen honek?
Hasteko, poz handia. Aurten bi aldiz izan naiz bigarren eta banuen urrezko domina lortzeko gogoa. Eta oso garrantzitsua da niretzat, erakusten duelako neguan lan oso ona egin dudala. Esango nuke aurten nire momenturik onenean nagoela. Eta urte oso inportantea da, Olinpiar Jokoak daudelako jokoan. Helburua gertuago ikusten dut.

Espainiako txapelketak bukatu dira zuentzat. Orain K4arekin nazioarteko lehian murgilduko zara. Nola dago laukotea?
Gehienak oso indartsu gaude; bat dabil makalago, orain arte ezin izan duelako nahi adina entrenatu, baina ziur gaude bere mailarik onena hartuko duela hitzordu garrantzitsuak iristen direnerako.

Zer proba dauzkazue aurten?
Maiatzaren 1ean Europako Txapelketa jokatuko da Txekiar Errepublikan, eta maiatzaren 15ean Munduko Kopa Portugalen. Horiek dira gure lehen bi erronkak. Ahalik eta emaitzarik onena lortzen saiatuko gara, batik bat aurkariekin indarrak neurtu eta abuzturako konfiantza lortzeko.

Abuztuan daukazue probarik garrantzitsuena...
Hala da. Datorren urteko Olinpiar Jokoetarako postuak erabakiko dira abuztuan Milanen jokatuko den Munduko Txapelketan. Hitzordu inportanteena da, dudarik gabe.

Nola banatuko dira Olinpiar Jokoetara txartelak?
Europako selekzioentzat zazpi postu daude. Zazpi onenen artean sailkatzea da helburua, beraz.

Zuen burua nola ikusten duzue, lortzeko kapaz?
Azken urteotako emaitzak errepasatuz gero, beti izan gara Europako zazpi onenen artean; are gehiago, beti sailkatu gara bost onenen artean. Horrek esan nahi du gure maila ematen badugu barruan izango garela. Badakigu besteen maila igo egingo dela aurten, baina gu ere horretarako ari gara lanean. Ezer arrarorik ez bada gertatzen, helburua lortu beharko genuke.

Selekzioko kideen artean sumatzen al da urte berezia dela?
Dudarik gabe, nabarmena da Olinpiar Jokoen atarian gaudela. Motibazio handiarekin ari gara denok lanean, eta urduritasun puntua ere sumatzen da giroan.