“Edozerk ez du balio emakumeen kirola sustatzeko”

Baleike 2015ko mar. 13a, 09:01
Arritxu Iribar, Patri Espinar, Nagore Osoro, Ainhoa Azurmendi, Maddalen Antia, Esti Arriola eta Esther Cruz. Argazkia: Gorka Zabaleta

Emakumeek kirola normaltasunez egiteko dauzkaten zailtasunez hitz egin dute kirolarekin harreman zuzena daukaten zazpi emakumek, Hilabete Morearen barruan antolatutako solasaldian.

 

Gizarteko beste esparru guztietan bezala, emakumeek aurrerapauso nabarmenak egin dituzte azken 25 urteotan kirolean, baina oraindik ere jendartean bide luzea du egiteko normaltasun egoerara iristeko. Kirolariak direlako, izan direlako, edo kirolariekin lan egiten dutelako, hamaika arrazoi, adibide eta pasadizo argigarri kontatu zituzten asteartean Emakumea kirolean bildutako zazpi emakumeek: gaian aditu Ainhoa Azurmendi, Esti Arriola pilotaria, patri Espinar pilotari ohia, Esther Cruz eskalatzailea, Nagore Osoro arraunlaria, Maddalen Antia futbolaria eta Arritxu Iribar kirol kazetaria.

Garai batean debekatuta zuten emakumeek kirola egitea. Zergatik? Gaur egun eraginik ba al du?

Patri Espinar: Gizarte patriarkala zen, oso matxista. Hori aldatzen ari da, eta egoera normalizatzen ari da.

Arritxu Iribar: Emakumeak ezin zuen kirolean parte hartu, baina ez eta gizarteko beste hainbat arlotan ere. Kirola gizartearen ispilu zen. Normalean, bakarrak ematen zuen lehen pausoa eta gizonezkoen aurka lehiatzea egokitzen zitzaion, eta desoreka handia zegoen. Lekuz kanpo zegoen emakumeak kirola egitea.

Maddalen Antia: Ni gazteago nintzenean, beti azkenak izaten ginen ordutegiak-eta aukeratzeko garaian. Aurrena mutilak eta gero neskak. Hori, zorionez, aldatu egin da Zumaiako Futbol Taldean. Orain kategoriaren arabera erabakitzen dira ordutegiak. Zumaian aurrerapausoak eman dira, baina kanpora joaten garenean jokatzera oraindik gehienetan partidak igandetan izaten ditugu.

Esther Cruz: Duela 20 urte lauzpabost emakume ginen eskalatzen ibiltzen ginenak, txapelketetan. Orain askoz gehiago gara. Asko aurreratu da baina oraindik badaude oztopo asko. Neska batek arrisku maila jakin bat duen kirola aukeratzen badu, “txoriburua” izango da; mutila berriz, “ausarta” izango da.

Arritxu Iribar: Kontraesan bat badago, adibidez, herri kiroletan. Herri kirolek jatorria dute baserriko lanetan, eta lan horiek guztiak emakumeek egin egin dituzte, baina gero kirol modura plazara agertzerik ez, plazan gizonezkoak bakarrik. Arrauna berriz, gizonezkoen lanbide batetik dator baina emakumeek hor aurrerapausoa egin dute. Hala ere, oraindik badago zer egin. Adibidez, traineruaren neurriak zergatik dira berberak gizonezkoenak eta emakumezkoenak? Futbolean, eskubaloian eta kirol gehienetan berdin. Oraindik materiala, arauak eta abar ez dira egokitu emakumeen ezaugarrietara.

Emakumeei ezarri zaien estereotipoetako bat da ez direla lehiakorrak.

Patri Espinar: Nire esperientziatik esan dezaket, askotan emakumeen helburua ez dela izaten lehiatzea, gehiago izaten da ondo pasatzea. Federatuta dauden neskatila eta mutikoen artean ere ikusten dut alde hori. Neskak ez dira hain lehiakorrak, eta mutilek berriz irabaztea dute beti buruan.

Arritxu Iribar: Nik uste dut emakumea badela lehiakorra, baina hezkuntzak zeresan handia du. Esango nuke, gaur egun, soilik ondo pasatzearen kontu hori oso zabalduta dagoela, neska zein mutiletan. Gaur egun arazo handiak daude gazteek kirola benetan serio hartzeko, profesionaletarako bidea hartzeko, ahalegin handia eskatzen duelako.

Emakumeek duten arazoetako bat ez al da erreferente falta?  Komunikabideek sortzen dituzte ereduak denak gizonezkoak dira.

Arritxu Iribar: Esango nuke atzerapausoak ere egin ditugula. Esate baterako, duela 25 urte txirrindularitzan Euskal Herrian bazegoen emakumeen talde oso indartsua, Orbea. Etxeko txirrindulariak ziren eta oso onak. Espainiako onenak dudarik gabe, eta nazioartean ere oso maila ona zuten. Gaur egun, Gipuzkoan ez dago ezer eta Bizkaia taldean hiru baino ez dira etxekoak. Eta maila izugarri apaldu da.

Txirrindularitzarekin jarraituz, Euskal Herrian dauzkagu nazioarteko bi lasterketa handienetakoak, Durangoko Klasikoa eta Bizkaiko Bira. Bietara munduko onenak etortzen dira, ezin hoberik ekarri. Bada, lehen egunean, 22 ikusle kontatu nituen irteeran. Hori munduko onenak ekarrita.

Patri Espinar: Emakumeen kirola bultzatzeko arraunean ahalegin handia egin da, beste kirolekin alderatuta. Baina edozerk ez du balio emakumeen kirola sustatzeko. Gutxieneko maila eskatu behar da, seriotasuna. Arinkeriaz jokatzea kaltegarri da.

Amatasuna eta kirola ez al dira bateragarri?

Esther Cruz: 25 urte nituen Eneko semea jaio zenean. Espaniako Txapelketa irabazi nuen. Kritikatu egin ninduten umea lehiaketara eraman eta han titia emateagatik. Ez zegoen ondo ikusia. Beste lehiakideei galdetu zieten ea enbarazu egiten ote zien umeak.. Zorionez, inor ez zen kexatu. Ni izan nintzen lehena; norbait ausartu behar. Baina amatasunaren kontura komentario maltzurrenak emakumeek egiten dituzte.

2005ean Munduko Txapelketan hartu nuen parte eta Jaurlaritzak bi urtekok beka bat eman zidan. 2006an haurdun gelditu nintzen, eta umea jaio zenean beka kendu egin zidaten. Araudiaren arabera, lesionatuz gero ez zegoen arazorik diru-laguntza mantentzeko, ez delako borondatezko zerbait; baina haurdunaldia borondatez hartutako erabakia zenez, bekarik gabe utzi ninduten. Zorionez, araua aldatu egin zen 2010ean.

Emakumeek lehenago uzten dute kirola mutilek baino. Zergatik?

Patri Espinar: Neskak 15 urtetik aurrera hasten dira kirola lagatzen. Batetik, nerabezaroan neskek aldaketa hormonalak dituzte eta lotsatu egiten dira. Bestetik, mutilek motibazio handiagoa daukate, etorkizunean profesional izateko ametsa izan dezakete, emakumeek ez bezala. Eta eskaintzaren kalitatea ere hor dago. Emakumeek normalean baliabide eskasagoak dituzte, ordutegi txarrenak... Azkenean sentitzen dute ez direla mutilak bezain garrantzitsuak eta motibazioa galtzen dute. Eta gizarteak berak ez du laguntzen. Ikasketei lehenatasun handiagoa ematen zaie emakumeen kasuan; gizonezkoei errazago lagatzen zaie ikasketak utzi eta lanean hasten.