BIDEOA: Lorea Agirreren hitzaldia

Baleike 2015ko mar. 11a, 15:29

Hizkuntza eta kulturaren garraio, bidegorriak hitzaldia eman zuen joan den asteazkenean Lorea Agirre kazetari eta antropologoak, Euskara, bestela ez gara hitzaldi sortaren barruan.

Hizkuntzaren garrantzia aipatu zuen lehen-lehenik, hizkuntza bizitza dela esan zuen, izenik ez duena ez baita. Baina, ez da komunikatzeko tresna bakarrik, kultura bat, bizimodu bat, mundu ikuskera … adierazten du.

Hizkuntzak, gainera, taldean funtzionatzen du, komunitaterik ez badago ez dago hizkuntzarik. Beraz, hizkuntza garatzeko hiztun talde bezala, eskubide kolektiboak behar ditugu. Eta hor talka sortzen da; izan ere, gure gizartean giza eskubideak norbanakoarenak dira. Zuk eskubidea duzu (indibiduala) baina ez kolektiboa; alegia, ezin duzu inposatu. Baina orduan nola egin aurrera?

Lorea Agirreren ustez, euskararen auzia justizia sozialaren kontua da. Oso garrantzitsua da jabetzea erdaldunek duten eskubide berbera dugula guk ere, euskaldun batek ezin badu bere hizkuntza erabili hor demokrazia sartzen da jokoan. Gure gizartean ondo ikusten da bazterketa sozialean daudenak babestea: elbarriak, emakumeak… Zergatik ez da egiten gauza bera euskararekin? Euskaldunoi zor zaigu.

Amaitzeko, Loreak esan zuen bere ustez euskara egoerarik onenean dauden arloak hezkuntza eta kultura sormena direla. Kulturak, gainera, hizkuntza elikatzeko gaitasuna du, horregatik kultur sormenari garrantzia eman behar zaio. Euskaraz sortzen den guztia da beharrezko, globalizazioari aurre egiteko eta geureri eusteko balio digulako.