David Garcia eta Lourdes Colomo irabazle Herri Lasterketan

Baleike 2015ko ots. 21a, 21:38

Eguraldi txarrak ez ditu korrikalariak kikildu, eta aurten ere ehunka korrikalarik hartu dute parte Herri Lasterketan. Garcia eta Colomo izan dira azkarrenak 10 kilometroko proban.

David Garcia Gil durangarrak eta Lourdes Colomo Artolak irabazi dute aurtengo Herri Lasterketa. Garciak 32:58ko denbora behar izan du gizonezkoen artean aurrena iristeko helnugara, Gillaume Roosset (33:21) baionarraren eta Ibon Bengoetxea lekeitiarraren aurretik. Emakumeen lasterketan, Lourdes Colomo zizurkildarra (39:58), Helene Alberdi bilbotarra (40:48) eta Irati Etxaburu zarauztarrarentzat  (41:20), izan dira podiumeko hiru postuak.

Zumaiarren artean, Andoni Agirre (34:44) eta Arri Urbieta (43:50) izan dira azkarrenak.

5,6 kilometroko lasterketan, zumaiarren artean Xabier Elizalde (23:06) eta Elene Eizagirre (26:51) izan dira azkarrenak. Sailkapen nagusian, Unai Hernandez urretxuarra eta Nerea Amilibia aiarra nagusitu dira.

Patinen lasterketari dagokionez, aurten Zumaia eta Oikia artean joan-etorriko ibilbidea osatu dute parte-hartzaileek. Zorua bustia egon arren, ez dute aparteko arazorik izan. Sergio Uriarte izan da azkarrena 14,2 kilometroko ibilbidea osatzen (29:25), Oscar Fernandez eta Aitor Vacas herkideen aurretik. Emakumeen artean, Bego Huerta irundarra izan da onena (32:44), Nagore Montes donostiarra eta Olatz Iparragirre errenteriarraren aurretik. Zumaiarren artean, Joseba Beobide (33:58) eta Ana Egaña (41:20) izan dira onenak.

Patinen eta helduen lasterketen aurretik haurrek izan dute korrika egiteko aukera.