Konposta egiten hasiko dira Herri Eskolan eta Oikiako Eskolan

Baleike 2015ko ots. 20a, 17:48

Gaur egun 221 familia dira Zumaian konposta etxean edo auzoan egiten dutenak. Urola Kostako Udal Elkarteak ekimena eskolatara zabaldu nahi du 2015ean, eta Zumaian Herri Eskolak eta Oikiako Eskolak hartuko dute parte.

Duela hamar urte hasi zen Urola Kostako Udal Elkartea etxean konposta egiteko kanpainak egiten. Gaur eman dituzten datuan arabera, gaur egun Urola Kostan 791 familia dira konposta egiten dutenak etxean edo auzoan, horietako 221 Zumaiakoak dira. Eskualdean auzokonposta egingo duten beste 150 familia lortzea da Udal Elkarteak 2015erako jarritako helburuetako bat. Konpost bikaina lehiaketa ere jarriko da martxan martxoan, etxean edo auzoan konposta egiten duten familien ahalegina saritzeko.

Baina 2015erako berrikuntza nagusia da ikastetxeetan konposta egiteko proiektua, gaia modu sistematiko eta iraunkorrean lantzeko. Hiru helburu ditu programak, gaur Udal Elkarteko arduradunek prentsaurrean agertu dutenez: "Batetik, eskualdeko ikastetxeek beren hondakin organikoekin konposta egitea eta hondakin organikoak tratatzeko bide hori barneratzea, konposta bertako baratzean erabiliz; bestetik, hondakinak berrerabiltzeari eta konpostari buruzko sentsibilizazioa areagotzea; eta azkenik, konpostaje prozesuaren edukia ikastetxeetako Currikulum-ean barneratzea".

Zisare jarri diote izena proiektuari eta sei ikastetxetako 367 ikaslek hartuko dute parte, LH4 eta DBH1ekoak. Zarauzko Antoniako, La Salle, Salbatore Mitxelena, Lizardi, eta Zumaiako Herri Eskola eta Oikiako Eskola dira lanean hasiko diren eskolak.