“Turismoan eta esportazioan liderrak gara, baina zoritxarrez hondakinei dagokienean"

Javier Ansorena, astearteko hitzaldian.

Javier Ansorena kimikariak gogor kritikatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinen kudeaketarako prestatuta duen plana. Ansorena Foru Aldundiko Ingurumen zerbitzuko arduraduna izan zen EAJ agintean izan zen garaian eta astearte iluntzean hitzaldia eskaini zuen Alondegian, Zumaiako EAJk antolatuta.

Gipuzkoako hondakinen kudeaketarako plan integrala prestatzeko izandako kronologiarekin hasi zuen Ansorenak bere hitzaldia. Plan hark hondakinen kudeaketan aurki daitezken aukera guztiak integratzen zituela adierazi zuen, “beti ere ezinbestez bete beharrekoa den hierarkia komunitario bat beteaz”. Alderantzizko piramide batekin irudikatu zuen hierarkia hori. “Goian, zati handienean, prebentzioa dago. Hondakinak sortzea prebenitu behar da. Behean berrerabiltzea dago. Behin berrerabiltzeko aukera guztiak agortzen direnean, birziklatu behar da material hori berriro ere zikloan sartuaz (Hor kokatu zuen konpostatzea), baina material batzuk ziklo jakin batzuk dituzte eta zabortegira eraman aurretik erraustu daitezke energia elektrikoa ateratzeko. Ondoren eliminazioa etorriko zen; hori ahalik eta gehien ekidin beharko litzateke”.

Kudeaketa plana osatzeko parte-hartze prozesu bat gauzatu zela azpimarratu zuen, “Europako Komisioak homologatutakoa, eta ez prozesu asanbleario batean oinarritutakoa”. Lana luze joan zela azaldu zuen, “ez zen inprobisaziorik egon”. 100 erakunde sozial gonbidatu zituztela adierazi zuen, “eta hauetatik 60 inguruk hartu zuten parte: enpresarioak, sindikatuak, etab. Kontsentsu handia izan zen eta prozesu horren ondorioz 22 proposamen atera ziren”.

Zailena instalazioak kokatzeko lekuak aukeratzea izan zela onartu zuen Ansorenak. “Errauskailua Donostiako eremuan jartzea erabaki zen. Donostiako Udala aurka agertu zen eta garai hartan bertan errauskailuaren aurkako zenbait plataforma sortu ziren. Azkenean Donostiako Udalak iritzia aldatu zuen eta aldeko botoa eman zuen, Gipuzkoako udal elkarte guztiekin batera”.

Zubietarako biolehortze planta eta errauskailua planteatzen ziren. “Hondakinak lehen planta horretatik pasako ziren. Barruan ez zen langile bat bera izango; automatizatua egongo litzateke guztia. Elektroiman batzuen bitartez hondakinetan egongo zen metal guztia aterako litzateke, eta biofiltro batzuetatik pasa ondoren, egonkortutako bio-hondakina aterako litzateke, gero errauskailua elikatzeko erabiliko zena.

2011ko hauteskundeen ondoren, egun agintean dagoen taldeak martxan zegoen planaren aldaketa gelditu zuela esan zuen eta ondoren gertatutako guztia “prentsa bidez” jakin zuela. Hizlariak gogor kritikatu zuen hondakinak egonkortzeko plantaren asmoa eta harrobietara hondakinak eramateko asmoa.

Salzburgeko plantatik ekarri eta Batzar Orokorretako informazio batzorde batean Iñaki Errazkin diputatuak erakutsitako egonkortutako hondakinak (“tuperra deitzen diot nik”) laborategira eraman zituela eman zuen jakitera hitzaldian. “Bertan deskonposatu gabeko hondakin organikoak aurkitu ziren, eta baita metalak eta kristalak ere. Materia organikoa dagoen unean ezin da esan egonkortuta dagoenik”.

Salzburgeko plantaren berri ere eman zien bertaratutakoei. “Han birziklatzea era baldar batean egiten da. Hondakinak zinta batzuetatik joaten dira eta barruan langile batzuek ahal dutena birziklatzen dute. Jarraian hodi handi batetik pasatzen dira hondakinak eta han ere zertxobait berreskuratzen da. Material horrekin, behin filtro batzuetatik pasata, lortzen da Errazkinek erakutsitako materiala. Beste guztiarekin errauskailura eramaten diren fardel handi batzuk sortzen dira. Salzburgeko plantak zabortegia ere badu, eta han edukiontzi handi batzuetan gorde eta gero energia lortzeko erretzen den biogasa sortzen da. Ez digute esan non kokatuko den hemen biogasaren depositu hori”.

Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioak planta horretarako dituen datuak irrealak eta ezinezkoak direlakoan da agintari ohia. “Magia edo ilusionismoa da. Munduan inon ez dira lortzen kopuru horiek. %22ko birziklatze tasa aurreikusten da eta Espainian dauden hamar planten bataz bestekoa %4koa da”.

Egonkortutako hondakinak harrobietara eramatea ere hanka-sartzea dela uste du. “Euskal Herriko harrobiak kareharrikoak dira eta euria egiten badu ura eta hondakinetatik ateratzen diren lixibatuak filtratuko dira”. Zestoako Osinbeltzen kasuan aurrez inpermeabilizatu beharko delakoan da, “barrera naturalik ez du eta”.

Hondakinen plan honekin Foru Aldundia iruzurra egiten ari dela ere salatu zuen. “Badakite Batzar Orokorretan onartzeko aukerarik ez dutela, eta diputatuen kontseilura eraman dute gaia”.

Amaitzeko, ironia erabili zuen kimikariak: “Liderrak gara turismoan eta esportazioan, baina zoritxarrez hondakinen turismoan eta esportazioan”.