Udalak 15 urte izango ditu Zumaia Lantzenen zorra ordaintzeko

Baleike 2015ko ots. 9a, 17:45
Odietan sei etxe dauzka oraindik saltzeko Zumaia Lantzenek.

Zumaia Lantzen disolbatu eta hiru milioi euroko zorra bere gain hartzea erabaki du Zumaiako Udalak. Zorra ordaintzeko baldintza hobeak lortu ditu Udalak, eta aurreikusi baino ia 600.000 euro gutxiago ordaindu beharko ditu aurten. Hala ere, 15 urte beharko dira zorra kitatzeko.

Zumaia Lantzen elkarte publikoa desegiteko tramiteak hastea erabaki zen joan den abenduaren 19ko Akziodunen Batzar Orokorrean. Elkartearen egoera ekonomikoa larria da, hiru milioi euroko zorra du eta apenas du jarduerarik. Erakundeak bere kabuz egoera ekonomiko larriari buelta emateko aukerarik ez duela iritzita, Zumaiako Udalak hartu ditu bere gain zorrak eta ondasunak, eta duela 23 urte hasitako bideari amaiera jartzea erabaki du.

Zumaia Lantzenek egin duen hiru milioi euroko zuloaren muinean dago, nagusiki, Promociones Torreaga enpresarekin 2006an sinatutako hitzarmen urbanistikoa. Hitzarmen haren arabera, enpresak 3,8 milioi euro ordaindu behar zizkion Udalari, Torreagako etxebizitza sustapenari zegozkion babes ofizialeko etxebizitzak bertan egin beharrean Puntanuetan egitearen truke. Baina Promociones Torreagak porrot egin du eta hiru milioi euro utzi ditu ordaindu gabe, eta ez dirudi berreskuratzeko aukera handirik dagoenik.

Horrez gain, Odietako etxebizitzak saltzeko zailtasun handiak izan ditu. Prezioa behin eta berriro jaitsi arren, oraindik sei etxebizitza daude saltzeko. Horrek ere likidezia arazoak eragin dizkio elkarteari, aurreikusitako diru sarrerak ez direlako iritsi.

Ondorioz, likidezia arazo larriak izan ditu elkarteak azken urteotan, eta maileguak eskatu behar izan ditu behin eta berriro. Bi finantza entitaterekin mailegu bana du –bat hipotekarioa, Odietako etxeak ordaintzeko–; eta Udalak ere utzia dio dirua maileguan. Ikusirik bide beretik joanda elkarteak kiebra joko zuela hilabete gutxiren buruan, desegitea erabaki dute.

Orain Udalak hartu ditu bere gain zor guztiak. Finantza entitateekin zorra berriro negoziatzeko aukera izan du Udalak, eta baldintza askoz hobeak lortu ditu, Iñaki Agirrezabalaga alkateak jakinarazi duenez. Ordaindu beharreko interes tasa nabarmen jaistea lortu dute: euriborra+%4tik gora ordaintzen zuen Zumaia Lantzenek, euriborra+%0,9 ordainduko du Udalak. Horri esker, berez aurten maileguak ordaintzeko aurreikusita zegoen diru kopurua ia 600.000 euroan murriztea lortu da, 782.000 euro ordaindu beharrean 186.000 euro ordainduko dira. Maileguak ordaintzeko epea ere luzatu egin da eta 15 urte izango ditu orain Udalak zorra kitatzeko.

Eztabaida politikoaren erdian

1992ko otsailean sortu zuen Zumaiako Udalak Zumaia Lantzen elkarte publikoa. Estatutuen bigarren artikuluak horrela definitu zuen erakundearen zeregina: “Helburua da eraikin erresidentzial, industrial edota bestelako zerbitzuetarako zorua sustatu, ordenatu, hiritartu, erosi eta saltzea. Era berean, erabilera publikoa zein pribatua izan dezaketen Zumaia eta bere herritarren onurarako izango diren komunitaterako hornidura azpiegiturak eta zerbitzuak, eraikin industrialak eta etxebizitzen kudeaketa, eraikuntza, salmenta edota lagapena izango dira bere zereginak”.

Zumaia Lantzen abiatu bezain pronto, urte berean, Esarbe enpresa pribatua arduratu zen kudeatzeaz, 2009 urtera arte. Hamazazpi urte horietan ez zen lehiaketa publikorik egin Zumaia Lantzenen kudeaketa esleitzeko, eta 2008an Euskal Herriko Kontu Auzitegiak ebatzi zuen jarduteko modu horrek ez zituela publizitate eta lehia printzipioak betetzen. Esarberekin zegoen kontratua eten eta Zumaia Lantzen zuzenean Udaletik kudeatzea erabaki zen 2009an, bi langile kontratatuz.

Ia sortu zenetik eztabaida politikoaren erdian egon da Zumaia Lantzen. Elkartea kudeatzeko moduagatik desadostasun handiak izan dira alderdien artean, eta amaiera emateko garaian ere denak ez daude ados.