Euskapital Partners-en esku gera daiteke TS Fundiciones

Baleike 2015ko urt. 30a, 16:17

Arroa Beheko lantegia Javier Agirre buru duen taldeari emateko eskatu dio konkurtso administratzaileak epaileari. Agirre TS Fundicioneseko zuzendaritzako kide izan zen 2010 eta 2012 artean. Berria.eus-en irakurri dugu albistea.

Euskapital Partnersen industria planaren arabera, 68 lanpostu sortuko lirateke TS Fundiciones ohian, Arroan (Zestoa, Gipuzkoa). 106 langilek osatuko lukete enpresa berriaren lantaldea bigarren urterako, eta 121ek hirugarren urterako. Euskapital Partnersen enplegu asmoak oinarrizkoak izan dira konkurtso administratzaileak haren aldeko apustua egin dezan. Azken erabakia Pedro Malagon Donostiako Merkataritza arloko titularraren esku dago, ordea.

TS Fundicionesen konkurtsoa kudeatzen ari den administratzaileak hutsik utzi du Zestoako plantarentzako hirugarren fasea. Hiru eskaintza egon dira, beraz, konkurtsoan: Gonvarri Renewable Industries taldearena, Eisengiesserei Torgelow alemaniarrarena eta Euskapital Partnersena. Azken horren buru Javier Agirre TS Fundicioneseko zuzendaritzako kide izan zen 2010 eta 2012 artean.

Langile ohiak zain daude industria plana eta bideragarritasun plana ezagutzeko. Hori dela eta, datozen egunotan Javier Agirrerekin elkartzekoak dira enpresa berria litzatekeenaren nondik norakoak xehetasunez ezagutzeko. Malagon epailearena da azken erabakia.