Otsailaren 21ean jokatuko da Zumaiako XXXI. Herri Lasterketa

Baleike 2015ko urt. 30a, 07:00

Aurten lerroko patinen lasterketa ez da herri barruan egingo, Zumaia eta Oikia artean prestaturiko ibilbidean baizik.

Hiru aste barru jokatuko da Zumaiako Herri Lasterketaren XXXI. aldia. Azken urteotan bezala, aurten ere bi distantzia izango dira aukeran korrikalari helduentzat: ohiko 10,2 kilometroko proba, edo 5,6 kilometroko ibilbide motza. Irteera eta helmuga puntua Beheko plazan izango dira, eta bi lasterketak aldi berean abiatuko dira, 17:00etan. Barruti berean egingo dute korrika baina, lehen itzuli motza egin ondoren, lasterketa motzekoek bira bakarra egingo dute eta 10,2 kilometroko probakoek bi itzuli. Izena emateko epea zabalik dago jadanik. Internet bidez egin daiteke, herrikrossa.com webgunean. Kontuan izan gehienez 650 korrikalari onartuko direla.

Baina helduen lasterketak jokatu aurretik proba gehiago izango dira, 15:00etan hasita. Aurrena haur eta gaztetxoen txanda izango da; 300 metro eta bi kilometro arteko lasterketak egingo dituzte, adinaren arabera. Eta ondoren, lerroko patinen lasterketa jokatuko da. Eta proba horretan berrikuntzak daude aurten.

Orain arte herri barruan osatutako ibilbidean jokatu izan da lasterketa, lauzpabost bira eginez. Proba oso ikusgarria da, eta herri barruan biraka ibiltzean lasterketa jarraitzeko aukera bikaina ematen du; baina antolatzaileek baloratu dute arriskutsuegia dela. Izan ere, patinetan abiadura handian ibiltzen dira eta oso zaila da herri barruan arrisku egoera guztiak kontrolpean izatea. Hori kontuan hartuta eta patinatzaileekin hitz egin ondoren, Zumaia eta Oikia arteko ibilbide bat prestatu dute aurten, 14,2 kilometrokoa.
Lasterketa 15:45ean hasiko da eta 16 urtetik gorakoentzat izango da. Gainera, Patin Eskolaren oniritzia beharko da parte hartzeko, patinatzailearen maila bermatzeko. Proban izena emateko internet bidez egin daiteke, herrikrossa.com webgunean.