Komunitatea indartu nahi du Baleikek

Baleike 2015ko urt. 22a, 11:25
Baleike.eus-en aurkezpenean ateratako "familia" argazkia.

Herriko hainbat talde eta elkartetako ordezkariak bildu ziren atzo Baleike.eus webgune berriaren aurkezpenean. Haientzat eta komunikatzeko gogoa duen edonorentzat dago pentsatua Komunitatea tresna berria.

Herriko hainbat talde eta elkartetako ordezkariak bildu ziren atzo Baleike.eus webgune berriaren aurkezpenean. Haientzat eta komunikatzeko gogoa duen edonorentzat dago pentsatua Komunitatea tresna berria.

Tokikomen plataforma digitala garatu duen Codesyntax enpresako kide Josu Azpillagak eta Baleikeko zuzendari Gorka Zabaletak azaldu zituzten atzo Baleike.eus berriak eskaintzen dituen aukerak, indar berezia eginez Komunitatea tresna berrian.

Webgunea berritzeko arrazoia "estrategikoa" izan dela arrazoitu zuen Gorka Zabaletak Oxford aretoan egindako aurkezpenaren hasieran. "Tokikomek plataforma digitala sortu zuen tokiko hedabideak interneten aurrean egoteko, berrikuntzak eta inbertsioak denon artean egiteko, eta elkarrekin saretzeko", jarraitu zuen Zabaletak, "eta guk garbi genuen hor egon behar genuela". Laster dozena bat izango dira Tokikomen plataforman oinarritutako tokiko hedabideak, eta urtean zehar gehiago etorriko dira. "Klub horretako kide izan nahi genuen, horrek aukera emango digulako zumiarrei ahalik eta webgunerik onena eskaintzeko".

Arrazoi estrategikoaz gain, bi osagai berri azpimarratu zituen Zabaletak: Komunitatea eta gida komertzial digitala. "Komunitatea tresna behar genuen, beste sare sozialetan dabiltzan zumaiarrak erakartzeko; eta bestalde, herriko talde eta elkarteei beraien berriak zabaltzeko tresna erraz eta errabilgarria bat eskaintzeko". Gida komertzialari dagokionez, oraindik ez dago aktibatuta, baina lehen lanak hasi dituzte. "Gure kezka izan da herriko dendari eta negozio txikiari internetera jauzia egiteko tresna erakargarri eta eraginkorra eskaintzea, eta uste dugu Tokikomen plataformak garatu duen gida komertzial digitalak hori eskaintzen digula". Urtea amaitu baino lehen prest izango dela aurreikusten dute.

Mugikorretarako egokitua

Codesyntaxeko Josu Azpillagak azaldu zituen webaren atal nagusiak, eta Komunitateko kide egiteko eman beharreko urratsak. Horrez gain, azpimarratu zuen webgunea egokituta dagoela edozein gailutik ondo ikusteko. "Albiste asko lantzen dituzten webgune hauetara gaur egun hamar erabiltzailetik lau gailu mugikorretatik sartzen dira; ezinbestekoa da, beraz, horietarako prestatuta egotea".

Webguneak hainbat zerbitzu eskaintzeko aukera ematen du (eskelak, jaiotzak...) eta horietako gehienak oraingoz ez daude aktibatuta, baina lantzen diren neurriak martxan jarriko dira. Bestela, webgunean daude aldizkari guztiak irakurgai, bideoak, argazki galeriak eta sortzen dugun eduki guztia. Itsasoari buruzko informazioa (Tokikomeko lehen weba da informazio hau ematen duena eta proba fasean dago), eguraldia...

Bukatzeko, gogoratu zuten oraindik lan teknikoak ez daudela erabat amaituta eta pazientzia pixkat eskatzen dute, laster dena prest egongo baita.

Erlazionatuak