Egunerokoaren gurpilak harrapatuta bizi gara eta askotan ez gara ohartzen gure ingurua etengabe ari dela/garela eraldatzen. Noizean behin, ordea, iraganarekin egiten dugu topo aurrez aurre: argazki pare bat nahikoa izaten da gure oroitzapenak biziberritzeko. Kasu honetan, Orruako bi irudi ekarri ditugu, 1970eko hamarkadakoa Gabriel Arranzena, 1988ko Javier Carballorena. Barruan ikus ditzakezue handiagoan:
Gabriel Arranzek 1970eko hamarkadan egin zuen beheko argazkia. Bere alaba Nereak kontatu digu originala diapositiba bat dela eta etxean duela gordeta. "Argazki hau oso berezia da guretzat. Txikia nintzenean asteburuero joaten ginen Orruara familia guztia batera egun pasa, arrantza egitera eta olatuekin jolastera". Argazkian ikus daitezke garaiko autoak, eta deigarriena dena, ordurako surflariak erakartzen zituela Orruako olatuak. Goiko irudia, Javier Carballorena, 1988koa da. Argazkian ikusten da Orruako harraldea hondarrez erabat estalita.
Oroitzapenen bat ekarri badizue, gustura irakurriko genuke. Noizean behin, ona da bidean gelditu eta atzera begiratzea...
Argazkiren bat baldin baduzue erakusteko, bidali lasai: aldizkaria@baleike.com, facebook (Baleike Kultur Elkartea), twitter (@baleike) edo whatsapp (696872527) bidez.