“Gure kontsumitzeko moduarekin iraultza egin dezakegu egunero”

Baleike 2014ko aza. 21a, 18:06

[/caption]

Burujabetzaz eta erabakitzeko eskubideaz hainbeste hitz egiten den garai hauetan, goizero ondorio sakonak dituen erabaki politiko bat hartzen du gutako bakoitzak: “Egunero erabakitzen dugu zer gosaldu, eta horrekin gauza asko erabakitzen ditugu. Erabakitzen dugu gure ekonomia lokala, nolako ingurumena nahi dugun, nolako gizarte eredua. Kontsumitzaileak botere izugarria du”. Zenbait adibide eredugarriren bidez elikadura burujabetza zer den ezagutzeko aukera izan zen asteazkenean Alondegian, Patxi Gaztelumendi (Larrabetzuko eskola), Maite Aristegi (Via Campesina) eta Iker Elosegik (EH Laborantza Ganbara) eskainitako hitzaldian.

Larrabetzuko eskola

Larrabetzuko Eskolan duela 7-8 urte erabaki bat hartu behar izan zuten: jangela kanpo zerbitzuen esku utzi edo Guraso Elkarteak antolatu. Eusko Jaurlaritzaren dekretu batek kanpo zerbitzuen alde egitera behartzen zituen ia eskolak, baina Larrabetzun ardura beraiek hartzea erabaki zuten. “Horrek arazoak sortu zizkigun hasieran" hasi da esplikatzen Patxi Gaztelumendi. "Ordura arte lanean zegoen sukaldariak alde egin zuen. ELA eta LAB sindikatuak kontra agertu ziren. Jaurlaritzak diru-laguntzak kendu zizkigun. Lehen astean, gurasook eraman genuen janaria etxetik. Gero, herriko tabernek prestatu ziguten. Baina lortu genuen antolatzea. Lortu genuen sukaldari bat, hitz egin genuen herriko baserritarrekin eta dendariekin produktuak haiei erosteko… Gaur egun 240 haurrek bazkaltzen dute egunero jangelan”.

Jaurlaritzak diru laguntzak ukatu dizkien arren, beste eskoletako prezio berean ematen dute menua, 4,6 euroan. Hamabost lagunek egiten dute lan jangelan, batzuk orduka edo lanaldi erdian. “Sukaldaria da eskolako pertsonarik maitatuena”, dio Gaztelumendik. Zortzi baserritako produktuak erosten dituzte, eta horietako lau eskolaren bultzadari esker ari dira gaur egun barazkiak ekoizten. Herriko harategiak ere eskolari esker jarraitzen du zabalik. “Ahal dugun guztia herrian erosten dugu. Urtean 240.000 euro inguruko aurrekontua daukagu, eta horren zati handi bat herrian gelditzen da”, azaldu du, harro. Jangelarekin ziklo osoa biribiltzen dute. “Heziketarako tresna bikaina da. Haurrek baserriak ezagutzen dituzte, dendak, materia organikoarekin konposta egiten dute, beraien soroa daukate… Eta ekonomia lokala bultzatzen dugu”.

Iparraldea, eredugarri

Gipuzkoan, Zeraingo herriak azken bi hamarkadotan hartutako bidea goraipatu du Gaztelumendik: “Sagarraren eta ardiaren inguruan ekonomia lokala garatzeko politika integralak landu dituzte denen artean. Basoak erosi dituzte, larreak prestatu, tresneria berriena erosi dute, eta ekoizpenaren eta salmentaren prozesua kontrolatzen dute beraiek. Merezi du ezagutzea Zeraingo adibidea”. Baina, gainontzean, gutxi dira adibideak Hego Euskal Herrian. Askoz indartsuago dabiltza Iparraldean.

“Duela 40 bat urte piztu zen eztabaida Iparraldean”, hasi da esplikatzen Iker Elosegi, Euskal Herriko Laborantza Ganbarako kidea. “Galdera zen: zer eta nola ekoiztu nahi dugu? Eta bi aukera zeuden: aukera bat, eredu lehiakorra, lehengaia ahalik eta merkeen lortu, asko produzitu eta saltoki handietan saldu; horrek hondamendia ekarri du ingurumenarentzat eta laborarientzat, etekina industriarentzat delako; beste aukera, etxalde txikiagoekin, eredu iraunkorragoa, ingurumena zainduko duena, arduraz jokatuko duena”. Frantzian, orohar, eredu industrialaren aurrean men egin zuten bitartean, Iparraldeko laborari gehienek eredu iraunkorraren aldeko apustua egin dute, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen eskutik. “Iparraldeak ez du berez Laborantza Ganbara ofizial propiorik. Duela hamar urte eskatu genion Frantziari gure erakunde propioa behar genuela. Ukatu egin ziguten, eta orduan erabaki genuen geuk sortzea eta aurrera egitea. Epaitegietara eraman gintuzten, baina arrazoia eman digute”.

Bide emankorra egin dute Iparraldeko laborariek. “Iparraldean %6 laborariak dira, eta lurraren %90 baino gehiago dago beraien esku. Sekulako ardura dute, eta ardura hori onartu egin dute. Gizarteak ere neurri berean erantzutea da eskatzen dutena. Azken finean, laborariak kontsumitzaileak behar ditu”. Gaur egun Iparraldean laborariak prestigioa du gizartean. “Guk elikadura burujabetzaren kontzeptua ez dugu sekula erabiltzen, baina egunero praktikatzen dugu. Erantzun beharreko galdera da: Zer jaten dugu eta zer nekazaritza eredu bultzatzen dugu?”.

Hegoaldean eskas

Iparraldean urteak daramatzate elikadura burujabetza praktikan jartzen; Hegoaldean, salbuespeneak salbuespen, ahoz aho dabilen kontzeptu teoriko hutsa da oraindik. “Hegoaldean asko nabaritu da nekazaritza industrialaren eragina, politikoki hori bultzatu delako. Gure gurasoak egiten zuten nekazaritza iraunkorra, bertakoei lotutakoa. Hori zigortu egin da. Behi esplotazioak, esate baterako, Europako intentsiboenetakoak dira hemengoak”, azaldu du Via Campesinako kide Maite Aristegik. Eredu horren aurrean, elikadura burujabetza proposatzen du. “Lurrari lotutako betiko baserria bultzatzea da elikadura burujabetza, gure amamen adibideari heldu behar diogu egoera aldatzeko. Eta hor, gutako bakoitzak sekulako boterea dauka. Gure kontsumitzeko moduarekin iraultza egin dezakegu egunero”.

Nekazaritza iraunkorraren bidean, egin beharreko hainbat lan azpimarratzen ditu Aristegik: “Badago gazte belaunaldi bat kaletik baserrira joateko gogoa duena; lagundu egin behar zaie jauzi hori egiten, galzorian dauden baserriak biziberritzeko, eta formakuntza eman behar zaie; harreman zuzeneko salmenta bideak eta sareak berreskuratu behar dira, eta teknologia berriak aprobetxatu… Ia dena daukagu egiteko. Iparraldera askotan joaten gara, haiengandik ikastera”.

 

Munduaren krisiari erantzuteko bide bat

Gaztelumendik, Elosegik eta Aristegik Zumaiako EHBilduk antolatutako hitzaldian Euskal Herriarentzat proposatutsako bidea da, hain zuzen ere, Via Campesinak mundu aldarrikatzen duena. Duela 20 urte sortu zen via Campesina eta gaur egun mundu osoko milioika nekazari familia biltzen ditu. “Bigarren Mundu Gerratea amaitu zenean, ondorengo goseari aurre egiteko nekazaritza industriala bultzatu zen erakunde publikoetatik. Hego Euskal Herrian ere, azken 25 urteotan baserritarrak etengabeko hazkuntzara behartu dituzte, eta horrek baserrien gainbehera ekarri du”, azaldu du Gaztelumendik.

Via Campesinako kide da Maite Aristegi. Bere iritziz, eredu industrialak hondamendira garamatza: “Gaur egun elikagaiak ekoizteko izugarrizko ahalmena daukagu, baina mila milioi lagun gose dira munduan. Munduak daukan krisi orokorrari erantzuna eman diezaiokeen eredua planteatzen du elikadura burujabetzak”. Kontzeptuaren oinarria sinplea da: “Herri guztiek izan dezaten aukera bertako baliabideak bertako premiak asetzeko erabiltzeko; bertakoek bertakoentzat ekoiztea, besteak errespetatuz; merkatuen interesei baino, bertakoen premiei begiratzea. Hori egiteko nekazaritza iraunkorra behar da”.