Udal hauteskundeak 2015

Oier Kortak eta Markel Olanok bilerak egin dituzte gaur herriko zenbait eragilerekin

Baleike 2014ko aza. 13a, 18:45

[/caption]

 

EAJ-PNVren alkategai Oier Kortak eta Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagai Markel Olanok elkarrekin egin dute eguna Zumaian, bertako zenbait eragileren eskutik "herriko errealitatea ezagutu eta kontrastatzeko". Enplegua eta ongizatea sortuko duten ekimenak bultzatzea da Korta eta Olanoren lehentasuna.

 

Eguneko lehen bisita Basustako kanpinera egin dute. Kanpineko obrak martxa onean doaz eta ziurrenik martxorako prest egongo da ateak zabaltzeko. Olanok adierazi duenez, "mirestekoa da kanpinaren sustatzaileen apustua, Zumaiari balio erantsia emango diolako turismoari begira eta aberastasuna sortuko duelako". Era berean, kanpinaren eskaintzarekin osagarriak izan daitezkeen zenbait ekimen eta proposamen partekatu dituzte sustatzaileekin.

 

Santiagoko hondartzan ere izan dira, eta ondorioztatu dute zerbitzu eta segurtasun aldetik egon daitezkeen gabeziei erantzuna eman behar zaiela. Jarraian, Balenciaga ontziolan izan dira. Olanok goraipatu egin du enpresa honek krisi garaiko oztopoak gainditzeko erakutsi duen jarrera, "kalitatea, ikerketa eta garapenaren aldeko apustua eginez". San Juan egoitzan eta karmeldarren komentuan ere izan dira bisitan. Oier Kortak komentuaren balio historiko eta kulturala defenditu du, eta bere erabilera posibleak osotasunean kontuan hartzeko premia aipatu du: "Oso leku ona da kultur ekintzetarako, Musika Bandarentzako egoitza eta entsegu lekua izan daiteke, eta gainera ostatu bat har dezake".

 

Futbolzelaian eta kiroldegian izan dira arratsalde partean, eta baita meskitan ere. Azkenik, Algorri Interpretazio Zentroan amaitu dute eguna, eta bertan Erkibe Kultur Elkarteak oroimen historikoaren inguruan prestatu duen bloga erakutsi die.