Hiru aukera Herri Eskolako patioa estaltzeko

Baleike 2014ko aza. 12a, 12:27

Herriko Eskolako frontoiaren ondoan dagoen patioa estaltzeko aukera dauka mahai gainean Zumaiako Udalak. Hiru ideia jaso ditu eta orain herritarren iritzia jakin nahi du. Lehenik eta behin, estalpea beharrezkoa ote den, eta, hala bada, zein den proiekturik gustukoena. Hiru aukeren panelak erakusgai jarriko dira Alondegiaren sarreran, eta han izango da iritzia eta botoa emateko aukera.

Berez udal pilotaleku berrirako aurreikusita zeuden 500.000 euro beste proiektu batzuetarako erabiltzeko aukera du Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak pilotalekurako emandako diru-laguntzari esker. Futbol-zelaia aldatzea izango da lehen lana –2015eko Aste Santuan–, eta hurrengo proiektua Herri Eskolako patioaren zati bat estaltzea izan daiteke. Eskolako frontoiaren ondoan dagoen jolastokia, hain zuzen ere. Estalpea egiteko hiru ideia jaso ditu Udalak eta orain herritarren iritzia jakin nahi du. Batetik, beharrezkoa ikusten ote den inbertsio hori egitea –400.000 euro inguru–, eta, hala bada, zein den hiru proiektuetatik egokiena. 2015ean eraikiko litzateke posible balitz; bestela, 2016an.

Bozkatzeko eskubidea

Iritzia jasotzeko, hiru proiektuak erakutsiko dira Alondegiaren sarreran eta kiroldegian, azaroaren 17tik 23ra. Botoa Alondegian bakarrik eman ahal izango da, eta 16 urtetik gorako zumaiarrek izango dute eskubidea. Astegunetan 17:00etatik 20:00etara izango da bozkatzeko ordutegia, eta asteburutan, goizetan 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldean 18:00etatik 20:00etara.

Hiru proposamenak

XS bulegoak* hiru proposamen egin dizkio Udalari. Hemen dauzkazue hiruren izenak, irudiak eta egileek emandako azalpenak:

KAXA: Hormigoizko zutabe anitzek KAXA txuria sostengatzen dute. KAXA txapa perforatuarekin ixten da, eta txapazko panelen perforazio desberdinek itxura "jostagarria" ematen diote. Kaxaren ertzak, babes beharraren arabera gora edo behera mugitzen dira, (pista babestuagoa geratzen da iparrerantz) fatxadaren itxituraren altuerarekin jokatzen da. Estalkia egitura metaliko espazial baten gainean jarriko da.

SAIHETSAK: Egurrezko egitura bistan da, agerian geratzen da.  Estalkia egurrezko 9 saihets haundik sostengatzen dute. Saihets arteko fatxadak txapa perforatuarekin ixten dira.

AZALA: Hormigoizko lau zutabek U formako txapazko estalki gorria sostengatzen dute. U-a txapazko azal kontinuo bat da, teilatua eta fatxada osatzen dituena. Estalkia egitura metaliko espazial baten gainean izango da. Iparraldeko eta hegoaldeko fatxadak ez dute itxiturarik, pista irekiagoa geratuko litzateke.

*Testua zuzendu egin dugu. Hasiera batean eman zitzaigun informazioarekin ulertu genuen hiru egile ezberdinek lehiaketara aurkeztutako hiru proposamen zirela, baina ez da horrela. XS estudioarenak dira hirurak.