Onddo baratzeak sortzeko bidean

Baleike 2014ko urr. 21a, 08:10

Boletus familiako onddoak modu kontrolatuan nola ekoiztu ari da ikertzen Jaime Olaizola (Zumaia, 1974) baso ingeniaria. Gaur egun dagoen teknikarik aurreratuena garatu dute laborategian eta dagoeneko praktikan jartzeko saioak egin dituzte, Zumaian azkena.

Olaizolak eta bere lankideek urte asko egin dituzte perretxikoak ikertzen, "ezjakintasun handia dagoelako, baita zientzialarien artean ere. Perretxikoez, orohar, oso gutxi dakigu. Zergatik urte batzuetan irteten dira eta beste batzuetan ez hainbeste? Ikertzea izan da gure lehen lana. Ulertu behar dugu espezie bakoitzak bere ezaugarriak dituela, bizitzeko modu propioa. Ezaugarri horiek ezagutu behar dira behar bezala ustiatzeko eta ugaltzen laguntzeko".

Txanpinoiak, esate baterako, lurrean dagoen materia organikotik bizi dira, saprofitoak dira. Jatekoa eman eta baldintza jakin batzuk betez gero, ekoiztea ez da zaila. Baina boletusak konplexuagoak dira. Onddo mikorrizikoak dira, arboletako sustraiekin elkarlanean bizi dira, sinbiosian, eta horrek zaildu egiten du prozesua. "Arbolak eta onddoak elkar behar dute aurrera egiteko. Onddoaren mizelioa sustraiari itsatsita bizi da, biak bat eginda. Mizelioak ura eta mineralak ematen dizkio arbolari; arbolak, berriz, fotosintesiaren bitartez ekoiztutako azukreak ematen dizkio onddoari. Guk jaten dugun perretxikoa mizelioak ematen duen fruitua da, azken finean. Bien arteko harreman hori ondo ezagutu behar da onddoak ekoiztu nahi baditugu". Harreman hori ikertzetik orain badakite, esate baterako, arbolarentzat zenbat eta lur zailagoa izan, orduan eta onddo gehiago izango direla, arbolak mizelioaren laguntza handiagoa behar duelako aurrera egiteko. "Boletusen kasuan, badakigu baso helduak behar dituela, baso irekiak argia sar dadin, eta lur azidoak mizelioak arbolari gehiago laguntzeko".

Basoetan zer gertatzen den ikertu ondoren, han ikusitako baldintzak laborategian sortzea izan da bigarren zeregina. "Aurrena onddo gazteak biltzen ditugu basoan. Bildutako aleetatik zatitxo bana hartu eta mizelioa sortzen dugu laborategian. Baso berean bildutako hainbat alerekin egiten dugu proba, ikusteko zein diren mizeliorik emankorrenak, sustraiekin bat egiteko gaitasun gehien dutenak". Laborategiko lanak erabateko garbitasuna eskatzen du, edozein partikulak kutsatzen badu, mizelioa galdu egingo da. "Baldintza egokitan, mizelioa behin eta berriro birsortzen da, nahi adina aldiz. Behin mizelioak lortuta, lurraren ezaugarriak dituen substratu esterilizatu batekin nahasten ditugu”. Mizelioz betetako lur moduko bat da emaitza.

Mizelioak "ereitea" da azken urratsa. Udaberrian egiten dute, arbolak indartsu daudenean, hazten ari diren unean. "Sustraietan zauri moduko batzuk egiten zaizkie eta hor jartzen da mizelioz betetako substratua. Arbolak segituan sustrai berriak sortzen ditu zauria estaltzeko eta prozesu horretan arbola eta mizelioaren arteko mikorrizazioa gertatuko da –mizelioak inguratu egiten du sustraia–, biek bat egingo dute, aurrerantzean sinbiosian lan egiteko". Puntu horretara iritsita, arbolaren eta mizelioaren arteko elkarlanaren eta naturaren beste hainbat aldagairen menpe dago ekoizpearen arrakasta. "Gaur egun dagoen metodo aurreratuena da gurea. Guk laborategian egiten dugu naturak egiten duena. Baina gero basoan, praktikak dio naturan ari garela lanean eta ez laborategian. Mila aldagai daude guk kontrolatzen ez ditugunak. Hala ere, orain arte egindako saioetan emaitza nahikoa onak lortu ditugu".

Azken berrikuntza

Boletusak baso helduak behar ditu, 30-40 urtetik gorako arbolak, eta hori oztopo handia da ekoizpen bat martxan jartzeko. "Boilurren kasuan, arte gazteak erabil daitezke mikorrizatzeko. Haztegietan egin daiteke prozesu hori eta gero arteak basoan landatzen dira. Zortzi edo hamar urte itxaron behar da boilurrak ematen hasteko, baina merezi du, errentagarria da. Esnegorriak ere pinu gazteak onartzen ditu mikorrizatzeko, eta hiru edo lau urteren buruan ematen ditu perretxikoak. Baina boletusen kasuan arbola helduak behar dira, ezin dira haztegian mikorrizatu eta ondoren basoan landatu".

Azken urteotan, ordea, aukera berri bat zabaldu da. "Konturatu ginen badagoela landare mota bat, estrepa, boletusarekin sinbiosian bizi dena. Zamora aldean-eta oso arrunta da, mendian oso zabalduta dago, eta baso heldu batenak bezain onak dira lortzen diren onddoak". Landare honen aurkikuntza sekulako urratsa da onddo baratzeak sortzeko bidean. Orain arte baso helduetara joan beharra zegoen mizelioa ereitera. Orain landarearen eta mizelioaren arteko mikorrizazioa laborategian bertan lor daiteke, eta ondoren lursail egokietan landatu, boilurrarekin egiten den bezala. "Dagoeneko sail batzuk antolatu dira. Landareak ilaran landatzen dira, ilaren artean nahikoa leku utzita eta lurra ahalik eta garbien mantenduz, eguzkiak ondo jo dezan". Mikorrizatutako landareak landatzen direnetik lauzpabost urte behar dira lehen onddoak azaleratzeko.

Hain zuzen ere, joan den astean landatu ziren Zumaian boletusarekin mikorrizatutako dozena bat estrepa ale inguru, San Juan Egoitzaren aurrealdeko belardian. Mizelioz betetako substratua ere gehitu zitzaien, prozesuan laguntzeko. Lekua Olaizolak berak aukeratu du, baldintza egokiak dituelakoan. Hemendik lauzpabost urtera ikusiko da baratzeak arrakasta izan duen.