Urtea amaitu aurretik ezarriko da Zumaian hondakinak biltzeko sistema berria

Baleike 2014ko urr. 17a, 19:08

Gaur egun erabiltzen den sistematik abiatuta, “etengabeko hobekuntzak” egitea da Udal Elkarteak hartutako erabakia. Oraindik zehaztasun gehiegi aurreratu ez duten arren, txip elektroniko bidez kontrolatuko da organikoaren eta errefusaren edukiontzien erabilera. Hobekuntzak Zumaian ezarriko dira aurrena, urtea amaitu baino lehen, eta ondoren eskualdera zabalduko dira.

“Nahikoa garbi daukagu denok gaur egun bezala ezin dugula jarraitu. Aldaketa behar da hondakinak kudeatzeko moduan. Gure herrietan hausnarketa eta eztabaida prozesuak ireki ziren joan den urtean, eta ondorio antzerakoak atera ziren. Herri bakoitzak bere lanketa prozesua egin zuen arren, uste dugu egokiena dela Udal Elkartearen ikuspegia ematea, eta irtenbide amankomuna adostea”, azaldu du gaur goizean Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagak, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan kazetariekin egindako bileran. Bileran izan dira, baita ere, Udal Elkarteko eta Zarauzko Udaleko ordezkariak, eta Zumaiako zinegotzi Maitane Agirre.

Agirrezabalagak azpimarratu du herriz herri eratutako hondakinen mahaietan lortutako akordioak eta egindako azterketak aintzat hartu dituztela erabakia hartzeko. Horrela, “gaur egun dagoen edukiontzien sisteman oinarrituta, etengabeko hobekuntzak” egitea da Udal Elkartearen plana. Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik osatu du azalpena: “Sistema gaur egungo berdina da, baina kontrol neurri batzuekin. Ez da aldaketa traumatikoa izango”.

Zehaztasun gehiago aurreratu ez duten arren, organikoa eta errefusa biltzeko edukiontziek txip elektronikoa izango dutela jakinarazi dute. Horrez gain, hondakin sortzaile handiei (enpresak, ostalaritza, merkataritza…) bilketa zuzena egingo zaie. “Politikoz eta teknikariz osatutako mahaia sortuko dugu prozesu guztiaren jarraipena egiteko”. Udal Elkarteak hartuko ditu bere gain sistema hobetzeko egin beharreko inbertsioak.

Urtetako zabortegiaren itxiera

“Abenduaren 23tik aurrera ez da zabor gramo bat gehiago isuriko Urtetako (Zarautz) zabortegian”, jakinarazi du Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidenteak. Data horretatik aurrera, zabortegia betirako klausuratzeko prozesua hasiko da: lehenik eta behin, lur geruza batekin estaliko da, zaborra aire librean gera ez dadin, usainak ekiditeko; ondoren, pilatutako zaborrari denbora eman behar zaio, degradatzeko eta egonkortzeko. Prozesu horretan lixibiatuak (ur zikinak) eta gasak kontrolatu behar dira. Behin egonkortu denean –bolumena galduko du–, has daitezke betirako klausuratzeko lanak. “Horretarako, proiektua idatzi behar da, Eusko Jaurlaritzak ingurumen gomendioak egin behar dizkio proiektuari, horiek gehitu behar dira, eta azkenik Jaurlaritzaren oniritzia behar da. Prozesu guztia bukatzeko sei edo zazpi urte beharko dira”, azaldu du Intxaurrandietak. San Markoko zabortegiaren erreferentzia dago: 2008an utzi zitzaion zaborra isurtzeari eta aurten amaitu da prozesua.

Baina Urtetako zabortegiarekiko ardura ez da klausurarekin amaituko. Intxaurrandietak ohartarazi du Udal Elkarteak beste 30 urtez kudeatu beharko dituela han sortuko diren lixibiatuak eta gasak –metanoa, besteak beste–: “Horregatik esaten dugu zabortegiak ez direla gure eredua. Etxean geuk nahasten dugun zaborra iristen da zabortegira, eta hori ekiditu behar da, gero nahasketa horrek sekulako arazoak sortzen dituelako”.

Urtetako zabortegiak 46 urte egin ditu aurten. Hasieran Zarauzko Udalak erabili zuen, baina gero eskualdera zabaldu zen. Gaur egun, Urola Kostako Mankomunitateko bost udalerrietako zaborraz gain, San Markokoa eta Txingudikoa jasotzen du. Guztira, 94.000 tona –18.000 Urola Kostakoak–. Urteta ixtean, Lapatx (Azpeitia) eta Sasieta (Legazpi) baino ez dira geldituko erabilgarri, eta horiek ere 2015ean ixtea da Aldundiaren plana –behin Zubietako azpiegitura berriak martxan jartzean–. “Urtetako zabortegia ixteko aukera dago, horretako baldintzak bete direlako. Duela urte batzuk 230.000 tona zabor sortzen genituen Gipuzkoan; orain 170.000 tonara jaitsi da, herritar askok egin duten ahaleginari esker”, azaldu du Intxaurrandietak.

Prebentzioa

Urola Kostako Udal Elkarteko presidente Amaia Guruzetak gogoratu du hondakinen prebentzioa dela Udal Elkartearen beste lan lerro garrantzitsu bat. “Ekintza asko egin dira herritarrak sentsibilizatzeko eta bide horretan sakonduko dugu. Ikastetxeetan Agenda21 programa dago, hainbat kanpaina eta tailer, zabortegira egiten diren bisitak… Kalean ere egin dira errefusaren karakterizazio saioak, eta garbi ikusi da oraindik ere edukiontzi berdera botatzen dugunaren zati handi bat birziklagarri dela. Autokonposta eta auzokonposta bultzatzen ari gara. Dagoeneko 790 familiak hartu dute bide hori; eta 11.500 dira edukiontzi marroia erabiltzeko giltza daukaten familiak”. Hobekuntzak ere iragarri ditu, bilketa oraindik ere selektiboagoa izan dadin: “Arropa biltzeko edukiontzietan beste aho batzuk jarri ditugu, etxeko elektrogailu txikiak biltzeko; eta garbiguneetan edukiontzi berezi bat jarriko da kanpoaldean, arraindegientzat, arrainen hondakinak aparte bildu ahal izateko”. Urtetako zabortegian bertan, tamaina handiko hondakinak bereizten dituzte, zabortegira bota beharrean birziklatzeko. “Etengabe ari gara prozesua hobetzen emaitza hobeak lortzeko”.

Hala ere, gaur egun hondakinen %42 birziklatzen da Urola Kostan. “Beste herri eta eskualde batzuek %80 birziklatzea lortu dute, eta horri esker lortu da Urteta ixtea; guk ere ahalegin hori egin behar dugu, zor hori daukagu”, azpimarratu du Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagak. Abendutik aurrera sisteman egingo diren hobekuntzekin birziklatze tasa “gutxienez %70ekoa” izatea lortu nahi da, epe jakinik zehaztu ez den arren.