Alex Uranga: "Nire burua bost onenen artean ikusteak indartsuago egin nau"

Baleike 2014ko urr. 8a, 08:47

Ohi baino lehenago amaitu da aurten Munduko Bodyboard Zirkuitua, baina Alex Urangak (Zumaia, 1989) badu etxera pozik bueltatzeko arrazoirik, uda osoa munduko bazter batetik bestera ibili ostean: bosgarren amaitu du Munduko Bodyboard Zirkuitua. “Azterketak gainditzen direnean bezala, ondo egindako lanaren sentsazioa daukat, jarritako helburuak bete ditut”. Portugaldik lehiaketaz asetuta bueltatu da, buruari atseden pixka bat emateko premiarekin, baina gorputzak itsasoa eskatzen dio eta ezin olatuen deiari muzin egin. Elkarrizketarako hitzordua itsasgoraren arabera jarri du. Grabagailua itzali bezain pronto han sartu da, Itzurungo olatu artera.

Hirugarren denboraldia duzu maila gorenean, eta bosgarren postuan amaitu duzu urtea. Oso goian jarri duzu langa…

Denboraldi osoan oso erregularra izan naiz, aurten hori lortu dut. Lehenengo proban, Hawaiin, bosgarren sailkatu nintzen eta horri eusteko kapaz izan naiz. Zirkuituko azken txapelketara, Sintrara (Portugal), sailkapen nagusia irabazteko aukera txiki batekin iritsi nintzen, eta sentsazio hori oso polita izan da.

Aurreko negua oso berezia izan zen Euskal Herrian, olatuak nahi adina izan zenituzten entrenatzeko. Hori nabaritu al duzu?

Bai, neguan oso ondo prestatzeko aukera izan nuen, ikaragarria izan zen. Horrek lagundu zidan Zirkuituari indartsu heltzen, goian egoten. Eta horrek ikuspuntua erabat aldatzen dizu. Nire lehenengo bi urteetan maila gorenari eustea zen erronka, sailkapenako azken postuei ihes egitea. Baina aurten, nire burua bost onenen artean ikusteak indartsuago egin nau. Energia gehiago ematen dizu, konfiantza duzu zure buruarengan, eta zure surfa seguruagoa da, edozein olatu hartzeko gai zara.

Otsailean Hawaiiko proba jokatu zenean, artean ez zegoen garbi Munduko Zirkuituak aurrera egingo ote zuen.

Arazoak egon dira, bai. Iaz arte IBA izeneko erakundeak antolatzen zuen, baina krisi ekonomikoak ez zuen batere lagundu eta babesle asko galdu ziren. Azkenean, zorionez, bodyboardlari batzuk sortutako APB erakundeak hartu du ardura eta lortu da gutxienez bost proba antolatzea eta zirkuitua osatzea. Datorren urterako hobetzea eta zabaltzea da asmoa. Tahitin, Malvina Uharteetan eta Frantzian probak antolatzeko aukera dago.

Hasieran egon ziren zalantza horiek medio, izen handia duten 'rider' batzuek parte ez hartzea erabaki zuten. Haien falta sumatu al duzue?

Dudarik ez. Australiarrak bota ditugu faltan batez ere, Dave Winchester, Jake Stone, Michael Novy… Haien partez brasildar gehiago sartu dira aurten, eta mailan nabaritu da. Txapelketak behar ditu, eta seguru datorren urtean bueltatuko direla.

Nolakoa izan da zure aurtengo ibilbidea Munduko Zirkuituan?

Tarte handiegia egon da Hawaiitik Brasilgo probara, baina gero udan ez gara gelditu. Brasilen, Amaury Lavernhe eta biok geunden uretan, final-laurdenetan. Ni aurretik nindoan nabarmen, bi olatu onekin. Berak ez zuen bakar bat ere puntuatu. Baina zerbait arraroa gertatu zen. Argia joan zen eta epaileek ezin omen zuten lanean jarraitu ordenagailurik gabe. Handik bi ordura, argindarra bueltatu zenean, olatu bakarra neukan markagailuan. Ordenagailuak itzali baino segundo batzuk geroago hartu omen nuen. Baina, hala izan bazen, niri zegokidan olatuak hartzeko lehentasuna. Laverheri eman zioten. Berak olatu on bat hartu zuen eta nik bat ere ez. Kanpoan gelditu nintzen, zer gertatu zen oso ondo ulertu gabe.

Baina Arican (Txile) izan zenuen arantza kentzeko aukera.

Aricara gogo handiekin joan nintzen. Oso gustuko dut hango olatua. Ezker olatua da, indartsua, eta eroso sentitzen naiz. Pierre-Louis Costesen aurka galdu nuen finalaurrekoa. Oso ondo zihoan dena, olatuak etorri eta etorri ari ziren baina, derrepente, azken hamar minutuetan itsasoa gelditu egin zen. Pierrek erabaki zuen beheko –ertzetik gertuago– olatuak hartzea; ni aurrerago jarri nintzen eta horrela lehentasuna neukan olatu onak etortzean. Baina ez zen olaturik etorri… Hala ere, hirugarren. Oso emaitza ona izan zen.

Antofagastan berriro bederatzigarren. Gutxienez, sailkapenari eustea lortu zenuen.

Antofagastakoa (Txile) ezberdina izan zen, olatu txikia zegoen eta lan asko egin behar zen zerbait ateratzeko. Final-laurdenetan Uri Valadaok kanporatu ninduen. Egia esan, berak hasieratik asmatu zuen serie ona aukeratzen eta nik olatu eskasagoekin moldatu behar izan nuen. Baina Sintrara, azken txapelketara, aukerekin iritsi nintzen.

Sintran bazenuen aukera txiki bat munduko txapeldun izateko ere. Baina oso zaila zen, ezta?

Aurretik nituen guztiek egin behar zuten kale eta nik txapelketa irabazi. Baina denboraldi amaierara iristea aukera horrekin, hori oso sentsazio ederra da. Pierre-Louis Costesek kale egin zuen, baina gainontzekoek ez. Azkenean, Amaury Lavernhe talde kideak irabazi zuen txapela, eta neu bosgarren izan nintzen Zirkuituko sailkapen nagusian. Hawaiin hasi bezala.

Lehiaketa ohi baino lehen bukatu da. Zer gertatu da Frontoneko txapelketarekin?

Bai, pena izan da Frontoneko (Kanariar Uharteak) txapelketa bertan behera gelditzea. Oso berezia zen denontzat, azken proba izanik, han erabakitzen zelako txapelduna, eta gainera bodyboarda zer den inon baino hobeto ikusten delako. Ikusgarria da. Zoritxarrez, probaren bultzatzaile eta babesle nagusi zena hil egin da, eta dena airean gelditu da. Bazuten maila apalagoan antolatzeko aukera, baina nahiago izan dute aurten bertan behera utzi. Ea hurrengorako martxan jartzen duten.

Hurrengo urterako zer helburu jarriko diozu zure buruari? Akaso, Zirkuituko proba bat irabaztea?

Irabaztea beti da helburu, baina bai, bada garaipenen bat lortzeko garaia. Hala ere, ez da batere erraza. Zirkuituan badago jendea urte asko daramatzana, hirugarren amaitu izan duena sailkapen nagusian, eta oraindik probarik irabazi ez duena. Nik 2011n Reunion Irlan irabazi nuen eta han zabaldu zitzaizkidan maila gorenerako ateak. Aurten Nazareko (Portugal) proba berezia irabazi nuen eta horrek indar handia ematen dizu. Baina, bai, ea Munduko Zirkuituan beste garaipen bat lortzen dudan.

Txapelketa nagusiak amaitu dira, baina udazkenarekin batera olatuak datoz Euskal Herrira. Zer asmo dituzu?

Alde batetik, Amaury Lavernhe –taldekide du munduko txapelduna– eta biok bilduko gara, pare bat argazki erreportaje egiteko gure babesle nagusiarentzat. Lan horiek ere egin behar izaten dira. Eta gero, hemengo olatuaz gozatu. Ur-motoa erosi dugu eta horrekin saiatu nahi dugu.

Olatu handiak hartzeko, surflarien moduan?

Bai, hemen ez da egin orain arte. Bodyboardean zailagoa da, motoak botatzen duen ur zorrotada aurpegira datorkizulako zuzenean. Motoak uzten duen arrastotik albo batera aterata joan behar da. Motoa erabil dezakegu olatuan abiada handian sartzeko, edo bestela olatuaren kontra joan eta jauzi handiagoak egiteko. Baina aurrena erabiltzen ikasi behar…