Sintrako txapelketan Munduko Bodyboard Zirkuitua irabazteko aukera du Alex Urangak

Baleike 2014ko ira. 26a, 10:32

Sintran (Portugal) ari dira jokatzen Munduko Bodyboard Zirkuituko azken proba nagusia, eta han erabakiko dira aurtengo txapeldunak. Alex Uranga bosgarren postuan dago sailkapen nagusian, baina oraindik badu tituloa irabazteko aukeraren bat. Bideoan ikus ditzakezue azken jardunaldiko maniobra onenak, Alexenak tartean.

Horretarako, Sintran irabazteaz gain, ezinbestekoa da sailkapenean aurretik dituen riderrak zazpigarren errondatik ez pasatzea. Oraingoz bost erronda jokatu dira, eta bosgarrenean sailkapeneko lider Pierre Louis Costes frantziarrak kale egin du. Lehian jarraitzen dute, ordea, Uri Valadaok, Amaury Lavernek, Jared Houstonek. Hain zuzen ere, seigarren errondan Jared Houston izango du aurkari Alexek Urangak. Hortxe du beste aurkari zuzen bat lehiatik kanpo uzteko aukera. Valadao-Magno Passos eta Laverne-Luciano dira zaindu beharreko beste bi kanporaketak.

Badirudi gaur olatu txikiegiak daudela eta txapelketak bihar jarraituko du. Internet bidez zuzenean ikusteko aukera dago: Sintrako txapelketa zuzenean

 

Sailkapen nagusia