Baserritik.com elkartearen azoka egingo da larunbatean

Baleike 2014ko ira. 3a, 09:53

Datorren larunbatean, irailaren 6an, Baserritik.com baserritar elkartearen azoka egingo da Zumaian, Eusebio Gurrutxaga plazan. Azoka goizeko 9:30tatik 14:00ak aldera arte izango da, eta baserritarrek beraiek ekoiztutako hainbat produktu mota jarriko dute salgai (barazkiak, gazta, eztia, txerrikiak, ogia, arrautzak, kontserbak, sagardoa, txakolina, e.a.). Jaki horiekin egindako pintxo eta edariak dastatzeko aukera ere izango da bertan.

Horretaz gain, hara gerturatzen direnek produktuei buruzko nondik norakoak galdetzeko aukera izango dute zuzenean baserritarrei (baserriaren kokapena edo produktuaren jatorria, produktuaren ezaugarriak, nola egin den, prestatzeko aholkuak, e.a.).

Baserritik.com elkartea 2011ko udazkenean sortu zen, eta Urola Erdi eta Kostako baserritarrez dago osatua. Bere helburu orokorra gure baserritarren kalitatezko produktuen salmenta eta kontsumoa bultzatzea da, jardueran duintasunez aritzeko eta beren familien ongizatea eta biziraupena bermatzeko.

Horretarako, baserritarrek elkartean antolatu eta beren produktuen eskaintza bateratzea erabaki zuten, tresna eta ekintza ezberdinen bidez, produktuak baserritik mahaira zuzenean eramateko ahalik eta bitartekari kopuru txikienarekin.

Horiek horrela, elkarteak azoka berezi hauek antolatu eta bestelakoetan parte hartzeaz gain, on-line salmenta du bere jarduera nagusia. Izan ere, www.baserritik.com web orriaren bidez, eskualdeko baserrietako produktu mota oparoa erosi eta jaso daiteke etxean oso modu erosoan.