Lemarekin hautsi zaio dominaren ametsa

Baleike 2014ko abu. 11a, 11:51

[/caption]

Iñigo Peñak eskura izan du domina Moskuko Munduko Txapelketan Espainiako selekzioko K4arekin, baina helmugarako 200 metro falta zirela lema hautsi zitzaien eta ezin izan zuten estropada amaitu. Garaipena lortzeko lehia estuan ari ziren Txekiar Errepublikarekin eta Portugalekin, baina zorizgaitzak jokoz kanpo utzi zituen azken txanpan.

Ez da batere ohikoa esprinteko distantzietan lema haustea, baina Espainiako K4ari egokitu zaio zorigaiztoko gertaera. Mila metroko distantziako finalerako itxaropen handiak zituzten Peña, Hernanz, Germade eta Carrerak. Urte borobila osatu dute –Munduko Kopako proba irabazi zuten Milanen–, sasoi betean iritsi dira denboraldiko hitzordu garrantzitsuenera, baina instant batean dena pikutara joan zitzaien.

Atzetik aurrerako estropada egin zuten. Bosgarren postutik hirugarrenera pasa ziren estropadaren erdialdean; aurretik Txekiar Errepublika eta Portugal zeuzkaten. Portugal estu ari ziren hartzen eta txekiarrak ere ez zeuden oso aparte. Azken esprinterako prestatzen ari zirela, urrea jokoan, inork espero ez zezakeena gertatu zen. Altzairuzko lema hautsi egin zitzaien, eta harekin amets guztiak. Piragua kontrolatu ezinik, portugaldarren gainera joan ziren. Kolpea jaso zuten portugaldarrek, baina, hala ere, helmugara bigarren postuan iristeko gai izan ziren. Urrea Txekiar Errepublikarentzat, eta brontzea Hungariarentzat.

Kolpe handia jaso dute Iñigo Peñak eta piraguako kideek, baina erakutsi dute onenen artean daudela. Datorren urtean izango dute arantza kentzeko aukera. Saria bikoitza litzateke, 2015eko Munduko Txapelketan Brasilgo Olinpiar Jokoetarako txartela egongo baita jokoan.

Entzun Euskadi Irratian Iñigo Peñari egindako elkarrizketa: