"Elkarbizitzan oinarritutako gizartea" aldarrikatu dute Joxe Mari Kortaren omenaldian

Baleike 2014ko abu. 9a, 18:57

Atzo 14 urte bete ziren ETAk Joxe Mari Korta hil zuela eta, urtero bezala, bere senide, lagun eta erakundeetako ordezkariak bildu ziren enpresaren atarian, enpresari ohia gogoan izateko. Omenaldiaren amaieran Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioko bozeramaile Jexux Mari Mujikak azaldu zuen gizarteak Euskal Herriko belaundaldi berriei “elkarbizitzan oinarritutako eta indarkeriarik gabeko gizartea zor” diela, eta hori lortzeko lanean jarraituko dutela fundaziotik. [Urola Kostako Hitza]

Atzo eguerdian Joxemari Korta zenari omenaldia egin zioten Euskal Herriko erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariek eta familiakoek eta lagunek. Zumaian izan ziren, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapia, Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bake eta Bizikidetza idazkari Aintzane Ezenarro, Gipuzkoako diputatu nagusi Martin Garitano, Pernando Barrena Sortuko bozeramailea, Ikerne Badiola eta Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, Pello Urizar EAko idazkari nagusia eta Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkatea. Atzo hamalau urte bete ziren ETAk Korta enpresaria hil zuela. Korta enpresaren atarian bildu ziren denak, eta isilunea egin zuten Kortaren omenez; ekitaldia Ave Maria abestiarekin amaitu zuten, txalo artean.

Bakea eta bizikidetza lortzeko bidean urratsak ematen ari diren pertsonen eta erakundeen lana aitortu zuen Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioko bozeramale Jexux Mujikak, eta eskerrak eman zizkien “gorrotoa eta mendekua gainditu, Euskal Herrian gertatu denaren irakurketa zintzoa egin eta autokritika egin dutenei”. Gainera, zehaztu zuen Euskal Herriak etorkizunik izan dezan eta elkarbizitza egokia izan dadin “bete behar diren baldintzak zein diren gero eta argiago” dutela herritarrek; “baita, injustiziaren biktima izan direnekiko jarrera zein izan behar duen ere”.

Bestetik, oraindik pausorik eman ez dutenen jarrera kritikatu zuen. Izan ere, Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioaren iritziz “pausoak norberak eman behar ditu, eta horrela besteak ere horretara behartuko ditu”.