Abuztu erdialdean amaituko dituzte Beheko plazako lanak

Baleike 2014ko abu. 7a, 16:09

Irailera arte ez zaio trafikoari irekiko bi plazen arteko errepidea. Eta irekitzean, gaur egun Erribera kaleari ematen zaion trataera berdina emango zaio: eguerdiko 12:30etik aurrera oinezkoentzat bakarrik izango da.

Apirilaren bukaeran hasi ziren Beheko Plazako obrak, eta abuztuaren erdi alderako bukatuta izango dira. Obra horiek bi helburu nagusi zituzten hasieran. Alde batetik, lur zoru azpiko hoditeria guztia berritzea, eta plazaren lurzoruan sortzen ziren arazoei irtenbidea ematea.

Lehiaketa publikoa irabazi zuen Campezo enpresako beharginek lan handia egin behar izan dute lur azpiko azpiegiturak berritu eta txukuntzen. Izan ere, uste baino aldrebesago zegoen hoditeria.

Hori dela eta, Beheko Plaza eta I. Zuloaga plazen arteko errepidean uste baino zulo handiagoa zabaldu behar izan zuten. Lanen jarduna ikusirik, bi plazen arteko lotura ere urbanizatzea erabaki zen. Azken uneko obren handitze honek 46.000 euroko aurrekontua izan du. Edozein kasutan, proiektuan aurreikusi bezala, bigarren fase baterako geldituko da I.Zuloaga plazaren eraberritzea.

Modu horretara plaza handiagoa eta zabalagoa gelditzen da, dimentsio handiagoa hartzen du, eta herritarren gune lasaiagoa izateko aukera eskaintzen duela uste du Udalak.

Izan ere, bi plazak batzeaz gain, bi plazen arteko errepideari Erribera kalearen trataera berdina emango zaio. Hau da, eguerdira arte irekita izango da trafikoarentzat (eta zama lanetarako), baina ondoren oinezkoentzat izango da.

Trafikoan, moldaketak

Hori dela eta, inguruko kaleen trafikoa ere egokituko da. Hala, obrak iraun duten bitartean behin-behineko izan den trafikoa, behin betiko egingo da. Horren ondorioz, Txomin Agirre Kaitik Bonifacio Etxegarai kalera ezingo da sartu, eta kale horren behekaldean dauden aparkalekuak mantentzeaz gain, taxi geltokia dagoen lekuan ere aparkalekuak egingo dira. Hala, taxi geltokia Mendaro Marinela kalera lekualdatuko da irailaren hasieran, Udalak beraiekin adostu bezala.

Obrak bukatzear dira, eta aurreikuspenen arabera abuztuaren erdi alderako zorua erabat berrituta izango da. Hala ere, bi plazen arteko zatia oinezkoentzat irekita izango bada ere, trafikoari itxita izango da irailaren hasiera arte. Izan ere, zorua behar bezala gelditzeko beharrezkoa da asentatzen uztea.